gimnastika erritmikoa

Ikasturte amaierako txapelketa

Rítmica Getxo klubak antolatutako txapelketaren seigarren edizioa izan berri da Fadurako kiroldegian. Euskadi osoko 250 gimnasta batu ziren

09.02.2020 | 13:42
Gimnastika erritmikoa izugarri handitu diren kiroletako bat da, batez ere eskolarteko kategorietan.

Rítmica Getxo klubak antolatutako txapelketaren seigarren edizioa izan berri da Fadurako kiroldegian

Euskadiko Eskola Jokoak bukatu berri dira eta Bizkaiko kirolari askok dominak lortu dituzte. Ekitaldi honek denboraldiaren amaiera markatu ohi du, kirol gehienetan. Hala ere, ekaina une egokia izaten da klubek txapelketak eta erakustaldiak antolatu eta denboraldiari amaiera bikaina emateko. Rítmica Getxo klubak ere txapelketen joera horri heldu dio eta pasa den igandean egin zuen berea Fadurako kiroldegian.

Txapelketa honek, DEIA egunkariaren babesarekin, seigarren edizioa bete du aurten, eta Euskadiko 25 klub ezberdinetako 250 gimnasta elkartu ziren bertan. Ekitaldia goizeko 10.00etan hasi zen, kluben aurkezpena egiteko ohiko desfilearekin. Amaiera, berriz, 13.00 aldera izan zen, sari-banaketarekin. Kirolari dagokionez, kategoria guztietako gimnastek hartu zuten parte, benjamin kategoriatik hasi eta senior mailara arte. Banakako ariketek minutu eta erdiko koreografiak izan zituzten oinarri; taldekoetarako, aldiz, bi minutu eta erdikoak egin zituzten. Gainera, gimnastika erritmikoko tresna mota guztiak erabili ziren, eta emanaldi batzuk oso landuak izan ziren. Bestalde, antolatzaileek hamahiru epaile ekarri zituzten, ariketak baloratzeko. Maila handia dago, beraz, urtetik urtera hazten doan txapelketa honetan.

Zalantzarik gabe, unerik dibertigarriena atsedenaldian izan zen. Rítmica Getxo klubeko benjamin-aurreko kirolariak itxaronaldia animatzera irten ziren, bigarren zatia hasi baino lehen. Polita eta hunkigarria izan zen.

Txapelketa amaitzean, kategoria ezberdinetan podiuma lortu zuten gimnastei dominak entregatu zitzaizkien, baina jende guztiak eraman zuen oroigarri bat, parte hartzeagatik. DEIAK, babesle moduan, motxilak eta kamisetak eman zituen opari. Hala ere, inork espero ez zuen beste sorpresa bat izan zen: Sari-banaketa berezi bat. Pozaren pozez saltoka hasi ziren denak, Rítmica Getxo klubeko Larak azaldu digun moduan. "Sorpresa bat eman nahi genien, beraz, gimnastika erritmikoarekin erlazionatutako gauzen zozketa bat antolatu genuen; hainbat gauza zeuden, tartean, gimnastikarako tresnak eta 200 euroko maillot bat. Gauza gehiago oparitu nahiko genituzkeen, baina uste dut gimnastak pozik geratu direla eta txapelketaren oroitzapen polita izango dutela".

Atzera begira, Larak gogoan dauka nola hasi zen, duela sei urte. "Getxo Kirolak gurekin kontaktuan jarri zen, eta txapelketa antolatzea proposatu zigun. Diru-laguntza eskaintzen zigun, beraz, aurrera egin genuen eta gaur arte antolatu dugu. Antolatzea hilabeteetako lana da, baina esfortzuak merezi du, gimnastak gozatzen ikusten ditugulako", adierazi dute klubetik. Txapelketetan jendea ezagutzeko dagoen aukera ere garrantzitsua da. "Gu kanpora joan ohi gara, txapelketetara, eta oso esperientzia aberasgarria da neskatilentzat; izan ere, beste gimnasta batzuk ezagutzen dituzte eta ariketa desberdinak ikusten dituzte. Horrek asko animatzen ditu. Gure txapelketaren bidez, kanpotik datozen parte-hartzaileek ere hori bizitzea nahi dugu", azaldu digu arduradunak.

Izan ere, gimnastika erritmikoa izugarri handitu diren kiroletako bat da, batez ere eskolarteko kategorietan. Klub berriak sortu dira, eta ikastetxeetan ere ematen da. Gainera, Bizkaiak eliteko klub bat dauka, Leioako Sakoneta; beraz, esan dezakegu kirol hau indartsu dagoela. Rítmica Getxoren kasuan, oso ondo baloratzen da bere gimnasten parte-hartzea, bai txapelketetan, bai erakustaldietan. "Guretzat, garrantzitsuena da neskek ondo pasatzea. Emaitzak ez dira lehentasuna", esan du Larak.

Bestalde, Rítmica Getxo klubaz aparte gutxi dira kirolarien artean mutilak dauzkatenak, eta hori oso positiboa dela uste dute. "Mutiko bat daukagu, Mikel, Bizkaiko txapelduna izan dena kimu B mailan; eta beste bi ere baditugu, txapelketetan parte hartu ohi dutenak. Neskekin lehiatzen dira eta oso polita iruditzen zaigu haien emanaldiak ikustea. Mutil guztiak animatuko genituzke probatzera", esan du Larak, pozez.

Horrela amaitu zen gimnastika erritmikoko Getxoko eguna. Giro paregabea harmailetan, eta datorren urtean are gogotsuago itzultzeko promesa.