Síguenos en redes sociales:

Itziartarrek etzi ospatuko dute VII. Erromeria Eguna

Musika eta dantzarekin lotutako ekintza ugari izango dira larunbat osoan zehar

deba - Itziartarrek eta nahi duten guztiek Andutz kultur taldeak antolatzen duen VII. Erromeria Egunarekin disfrutatzeko aukera izango dute datorren larunbatean. Aurreko urteotan bezala, mota desberdineko ekintzak izango dira “garai batean Itziar eta inguruko auzoetan hain ohikoak izan ziren erromeriak gogoratzeko eta omentzeko” burutuko den jardunaldi horretan zehar.

Itziarko Erromeria Egunak azken urteetan izandako arrakasta ikusita, larunbaterako prestatutako egitarauak “aurreko edizioen ildo beretik jarraituko du”.

Horrela bada, goizean goizetik trikitilariak, txistulariak, dultzaineroak, joaldunak, soinujoleak, Viana eta Itziarko dantza taldeak, albokariak, fanfarrea eta bestelako taldeak izango dira Itziarko kaleetan zehar.

Aurtengo festan parte hartuko duten trikitilariak Xabier Etxaniz eta Ainara Saizar; Saioa Lizarralde eta Idurre Arriola; Jagoba, Naia eta Janire hirukotea; eta Maitane eta Alaitz izango dira. Hori dela eta, emakumearen presentzia nabarmena izango da trikitilarien artean.

Edonola ere, jardunaldiari jarraipena emateko, herri bazkaria egongo da 14.30ean frontoian eta hori amaitzerakoan eguneko lehen erromeria Herriko Plazan (18.00etan hasita). Izan ere, eguna borobiltzeko prestatutako bigarren eta azken erromeria 23.00etatik aurrera burutuko da, soinujoleen eskutik.

Ikusitakoa ikusita, musika, dantza eta euskal kultura tradizionalarekin gozatzen duten guztiek ezinbesteko hitzordua dute datorren larunbatean Itziarren ospatuko den VII. Erromeria Egunarekin.

Hori bai, Andutz kultur taldeko lagunek gogorarazten dute jardunaldi hau antolatzearen beste arrazoi bat Itziarren sortutakoa eta hazitakoa izan zen Antonio Buenetxea Txankarta soinujole zendua omentzea ere badela.