Ikuskizun polita izango da gaur Azkoitiko Oteiza frontoietan
Herritarrek ‘Pilotarhitza’ emanaldiarekin eta ‘Pelotari’ filmarekin gozatu ahalko dute 22.00etatik aurrera
Azkoitia - Azkoitiarrek eta nahi duten guztiek ikuskizun polit eta berezi batekin gozatzeko aukera izango dute gaur gauean Oteiza pilotalekuetan, doanik. Alde batetik, Hebentik elkartearen eskutik eskainiko den Pilotarhitza emanaldia ikusteko parada egongo da eta bestetik, Pelotari film laburra.
Hasteko, Nestor Basterretxeak eta Fernando Larrukertek 1964. urtean elkarlanean zuzendu zuten Pelotari film laburra ikusteko aukera izango da, 22.00etan hasita, hain zuzen ere. Bermeon grabatutako lan honetan Atano III, Atano X, Kortabitarte, Akarregi, Ogeta eta Gallastegi pilotari handiak azaltzen dira.
Horren ondoren, Oteiza frontoietara gerturatzen direnek pilota jokoaren inguruan egindako Pilotarhitza ikuskizunaz disfrutatu ahalko dute.
Azkoitiko Udaletik azaldu dutenez, Mizel Theret biarriztar koreografoak sortutako ikuskizun hori “dantzarien eta pilotarien mugimenduen arteko parekotasunetatik abiatzen da”.
Emanaldiaren oinarrietako bat bertsolaritza denez, Eneritz Artetxe bertsolari azkoitiarra izango da gaurko ikuskizuna hitzez jantziko duena.
Horrela bada, Azkoitiko Udalak herritar guztiak animatu nahi ditu gaur gauean Oteiza frontietan eskainiko den ikuskizun bikotza ikustera gerturatzeko.
Izan ere, pilotalekua udako gauak girotzeko eta kulturaz janzteko antolatutako ikuskizun hauetarako “leku ezinhobea da”. Gainera, ikusleek ez dute inolako sarrerarik ordaindu beharko prestatutako emanaldietaz disfrutatzeko. - J.L.