Mutriku - Mutrikuarrak gazteei eskainitako egunarekin murgildu ziren atzo datorren larunbatera arte luzatuko diren Malen jaietan. Urtero bezala, adin guztietako herritarrei zuzendutako ekintza ugari izango dira herrian datozen jardunaldietan.
Gaurko Malen egunerako prestatutako egitarauari hasiera emateko Musika bandaren diana egongo da (10.00etan) Goiko plazan. Hortik aurrera, meza nagusia (11.00etan parrokian), haur parkea (goiz eta arratsaldez Egañaneko frontoian), Musika bandaren kontzertua (13.00etan Goiko plazan), karaokea (16.30ean Beheko plazan), sokamuturra (18.00), herri kirolak (19.30ean Goiko plazan), Kasernarat taldearen kontzertua (21.00etan Beheko plazan), Oxabi taldearekin erromeria (23.00etan Goiko plazan) eta DJ Bull-en saioa (00.00etan Beheko plazan) egongo dira.
Bihar, berriz, Malen txiki eguna ospatuko dute Mutrikun. Egun horretan ere, haur parkea izango da eta horrekin batera erraldoi eta buruhandien kalejira (11.30ean), Gure Ametsa dantza taldearen erakustaldia (12.00etan Goiko plazan), pottokak eta zezen txikiak, elkartasun bazkaria eta kantaldia, haurrentzako Vademekum ikuskizuna (16.30ean Zabiel plazan), gazteginkana (17.30ean Goiko plazan), haurren danborrada (20.00etan), umeentzako berbena (22.30ean Goiko plazan) eta bertso musikatuak (23.00etan Beheko plazan).
Azken txanpa Malen jaietako egitarauari jarraipena emateko, koadrilei eskainitako jardunaldia ospatuko dute ostiralean Mutrikun eta larunbatean Santiago eguna. Festei amaiera emango dien azken egun horretan ekintza ugari izango dira herrian (okela eta sagardo dastaketa, Capoeira erakustaldia, zesta punta partidak eta mota desberdineko kontzertuak...).
Ekitaldi guzti horiekin batera, Arte Eskolak antolatzen duen eta arrakasta handia izaten duen aire libreko XXXV. Margo lehiaketa burutuko da larunbatean Mutrikun. Lehiaketaren epaimahaiak 700, 400 eta 200 euroko sariak banatuko ditu hiru lan onenen artean eta parte hartu nahi dutenek 8.00etatik 10.00etara bitartean eman beharko dute izena Zabiel Kultur Etxean. Ikusitakoa ikusita, ondo pasatzeko aukera ugari izango dira astean zehar Mutrikun.