Villabona - Zorionak bikote! Nola joan zen hilaren 17ko txapelketa?
-LIERNI KAMIO: Erronka txiki batekin joan nintzen ni: nire mugak gainditzea. Txapelketetan indarra galtzen dut eta asko prestatu dut nire burua emanaldi amaierara indarrarekin iristeko. Hori frogatu nahi nuen eta Seguran oso gustura geratu nintzen.
-IKER SANZ: Lehengo urtean baino sentsazio hobeak izan genituen. Aurten seigarren postuan dantzatu dugu eta denbora izan genuen ondo bero-tzeko eta burua kokatzeko.
Zenbatgarren aldiz aurkeztu zarete txapelketara elkarrekin?
-I.S.: Seigarren urtea izan da aurtengoa. 16 urtetik aurrerako parte-har-tzaileak izaten dira eta normala da lehenengo urteetan esperientzia faltatzea. Hala ere, Segurako txapelketa oso-oso berezia da eta, nahiz eta hamar urtez aritu, urduritasun puntu hori beti dugu gainean. Txapelketa asko prestatzen ditugu urtean zehar, baina prestigioa eta sona txapelketa honek ematen dizu. Niretzat sakratua da.
Irabazteko aukerak ikusten zenituzten?
-L.K.: Beti izaten dira aukerak, baina orain arte urtero zerbaitek huts egiten zigun. Bikote osatuagoa gara aurten eta irabazi genezakeela sinetsita joan nintzen ni.
I.S.: Guk nola dantzatzen dugun bagenekien, baina beste partaideek nola egin duten ez. Zure sentsazioak batzuk izan daitezke, eta errealitatea beste bat.
Urduritasunak urduritasun, goza-tzeko aukera izan al zenuten?
-L.K.: Aurtengoa berezia izan da: denetaz ahaztu eta nirean erabat kontzentratu nintzen. Disfrutatu nuen, baina aldi berean oso azkar pasatu zitzaidan.
-I.S.: Oso sentsazio onarekin amaitu nuen eta hori ez da beti gertatzen. Fandangoa bukatutakoan elkar begiratzen diogu eta segituan kontura-tzen gara ondo egin dugun ala ez.
Noiztik zabiltzate elkarrekin dantzan?
-I.S.: Hamabost urte nituela hasi ginen elkarrekin dantzan. Ni zortzi urterekin hasi nintzen txapelketetan eta hamahiru urterekin Villabonako Oinkarira etorri nintzen. Eneko Arteaga zuzendariak proposatu zidan eta oso eskertuta nago emandako aukerarengatik. Oso irakasle onak izan ditut Oinkarin eta izugarri ikasi dut. Dantzan jarraitzeko izan behar den grina mantentzeko oso garrantzitsua da hori. Aurten Oinkarik 40 urte betetzen ditu eta pozten naiz guk garaikurra herrira ekarri dugulako.
Bion arteko konplizitatea ezinbestekoa izango da, ezta?
-I.S.: Nire indarraren eta bere fintasunaren artean oreka bilatzen saia-tzen gara.
-L.K.: Gure gora-beherak ere izaten ditugu, ez pentsa! Baina elkarren artean konfiantza izatea beharrezkoa da.
Asko entseatzen al duzue?
-I.S.: Astean hirutan. Fandangoari eta arin-arinari atseden ematen diogu Segurako txapelketa ondoren hilabetez. Ondoren, bi hilabete edo ematen ditugu pausu berriak lan-tzen eta gero indarra hartzen saia-tzen gara. Maiatzen hasten dira txapelketak eta ordurako bion arteko lana eginda egon behar du.
-L.K.: Txapelketetan parte-hartzea ere garrantzitsua da, izan ere, hor ikusten ditugu gure akatsak.
Oinkarik dantza garaikidea ere lantzen du, tradizionaletik abiatuta. Non ikusten duzue zuen burua?
-L.K.: Taldean nahasketa horretan sartzen gara, baina bikotean tradizionala egiten dugu.
-I.S.: Historia handiko dantzak dira eta tradizioa mantentzen saiatzen gara. Hala ere, ez dugu atzean geratu nahi eta eboluzionatzen jarrai-tzen dugu; duela urte askotako pausoak, bideo zaharretan ikusitakoak... Azpitarte anai-arrebak niretzat idoloak dira, nahiz eta haien itxura eta posea kopia ezina den.
Zer eman dizue dantzak?
-I.S.: Dantzarengatik dena uzten dut eta dena emateko prest nago.
-L.K.: Dantzak erabat betetzen nau eta libre sentiarazten nau.
Hurrengo urtean ere Segurako txapelketara aurkezteko asmoa al duzue?
-L.K.: Nestor Basterretxearen garaikurra Villabonan geratzea nahi dugu eta horretarako hiru urtez jarraian irabazi behar dugu. Hori da gure erronka.
Gipuzkoako txokorik maiteena. Lierni: Nire aitak lan asko egiten du eta Hondarribia gustatzen zaio, eta niri berarekin joatea. Iker: Jaizkibel atzealdeko kalak, hara joaten naizelako korri egitera.