Arraunaren historia Pasai Donibanen mendi erdia baino askoz zaharragoa da. Izan ere 1924ean herriko traineruak Kontxan garaipena lortu zuen. “Betidanik izan da San Juanen arrauna eta hasierako garai horietan estropadak jokatzen zituzten gehienak arrantzaleak ziren”, Xabier Arrarasek, gaur egungo Koxtapeko presidenteak, gogoratzen duenez.

Baina, Koxtaperen sorrera ez zen itsasoan eman, lehorpean baizik, atletismoari lotuta baitago. 1958an Club Atlético Koxtape sortu zuen Jesus Elosegik. Koxtape izena Elosegiren emazteak, Maria Pilar Sansineneak, jarri zion. Kosta azpikoa esan nahi du, eta garai horretan Iberdrolako eremuan zegoen pista itsasgorarekin desagertzen zen eta itsasbeherarekin agertu egiten zen. Nahiz eta garai horietan txapelketak egin ziren eta Espainiako zenbait sari ere lortu ziren, baldintzak ez ziren hoberenak eta atletak Errenteriara eta Donostiako Anoetara entrenatzera joaten hasi ziren.

1965ean sortu zen arraunaren atala Club Atlético Koxtaperen barruan eta 1967an arrauna bakarrik gelditu zen.

Arrarasek azaltzen duenez, urte horietan Espainiako federakuntzak bi modalitate banatu zituen: banku fijoa eta banku mugikorra, olinpikoa. Hasiera batean Koxtapek erabiltzen zuen materialaren jabea Yola elkartea zen eta 1972ko inguru horretan hasi zen Koxtape banku fijoko estropadak eta mugikorreko probak prestatzen hasten. “1978an parte hartu genuen kategoriako estropada batean eta lehenengo garaipena lortu genuen”, gaineratu du.

Banku mugikorrekin ere txapelketetan hasi ziren eta emakida ugari atera zituzten: “Elkarteko jende asko Espainako selekziora joana da eta olinpiadetan eta munduko txapelketetan ere parte hartu dutenak dira, eta horiek guztiak klubeko harrobian egindako arraunlariak dira”, azaldu du. “Harro esan dezakegu, arraunean daukagun garaipenik ospetsuena, Los Angeleseko olinpiadetan Luis Mari Lasurteguik eta Fernando Climentek lortutako zilarrezko medaila dela”, esan du.

Orduan elkartea oso elkarte sendo bat izaten hasi zen, bai banku mugikorrean, baita fijoan ere, eta, arlo honetan, 1986an Koxtaperen lehenengo Kontxako bandera iritsi zen. Gainera, urte horietan jokatu ziren estropada garrantzitsu gehienak eskuratu zituen. “Gure izena leku oroigarri batean, goi mailako izena bihurtu zen eta gaur egun elkarteko palmaresa goi mailakoa da”, ziurtatu du Arrarasek.

Baina garai latzak ere bizi izan zituen Koxtapek. “1992an Koxtaperen arraunlari gehienak Donibaneko Arraunlariak izeneko taldea sortu zuten eta honela herriko potentziala banatu egin zen. Donibaneko Arraunlariak hamar urte iraun zuen eta gutako askok pentsatzen dugu berdin duela zein taldek lortzen dituen garaipenak, guztiak herriko garaipenak direlako”, kontatu du.

Duela urte batzuk Koxtapek berriro ere goi mailan egotea lortu du eta horrek badauka azalpen bat Arrarasen aburuz: “Gure filosofia beti izan da harrobia lantzea eta horretan jarraituko dugu”.

Beste hobekuntza batzuk ere ezagutu ditu Klubak. Duela bi urtetik Bizkaia plaza ondoan kokatzen den eraikin berriko beheko solairuan du kokapena. Zenbait gauza hobetu daitezkeen arren, gimnasioko makina zaharkituak esaterako, uretatik gertu aurkitzen da eta lokal handia da.

Bestalde, emakumeen taldeak oso garaipen garrantzitsuak lortu ditu denboraldi honetan, hauen artean Kontxako bandera.

Arraras oso pozik dago Joseba Fernandez entrenatzaileak datozen hiru urtetan behintzat harrobiko jendearekin egingo duen lanarekin eta baita, Juan Mari Etxabe, neskekin egiten ari denarekin ere.

Herria apainduta

Gaur Donibane Koxtape Arraun Elkarteak bere 50. urteurrenaren egun handia ospatuko du. 12.00etan herriko hiru elizak kanpaiak batera jotzen dituztenean, jendeak apaindu beharko du balkoia banatutako ikurrinekin. Elkarteak mende erdi honetan lortu dituen 400 ikurrinak herritarren artean banatu ditu eta deialdi honek oso erantzun ona izan du. Esaterako, egun bakar batean, lehengo larunbatean, 300 biztanlek hurbildu ziren bere bandera jaso-tzera. “Oso ekitaldi ezohikoa iruditu zitzaigun. Pentsatu genuen oso aproposa zela herrian ikustea elkarteak zenbat garaipen izan dituen”.

Ordu berean, neska batelerei ongietorria egingo zaie plazan txalapartariak eta Itaia joaldeak lagun dituztela. Bertan aurresku bat dan-tzatuko zaie. Ondoren udaletxeak harrera egingo die eta indarrak har-tzeko elkarte guztia Yola elkartean bazkalduko du.

Arratsaldean, 18.30ean aurten irabazitako banderekin kalejira egingo dute eta 19.30ean banderen bedeinkapena egingo da parrokian. Ondoren elkarteko egoitzan afaria eta dantzaldia izango dira. Behintzat 400 pertsonek parte hartu dutela aurreikusia dago.

Atzokoa ere egun esanguratsua izan zen. Yola elkartean ospatutako afari batean Paco Prieto eta bere zuzendaritza omendu zituzten. Prietok 42 urte egin zituen Koxtapeko lehendakari bezala eta bere lana goraipatu nahi izan dute.