HERNANI - Martindegi auzoko festak gaur biziko dute bere azken San Fermín eguna egitarau dotore eta ikusgarri batekin. Izen handiak hurbilduko dira Hernanira ekitaldi desberdinetan. Denetan bi dira esanguratsuenak.

Eguerdiko 12:00etan Aitzol Atutxa aizkolari handia bi aurkariren aurkako lehiaketa antolatu dute auzokideek. Atutxa gaur egun txapelketa handi guztien txapelduna da eta Jon Larrañaga ‘Larra’ eta Mikel Larrañaga azpeitiarra izango ditu aurrez aurre. ‘Larra’ hernaniarra ez da aizkolari ‘profesionala’ eta horrexegatik Mikel Larrañagarekin, Gipuzkoako txapeldun izandakoarekin batera bikote bezala ariko dira lanean.

Ikuskizun polita eskainiko dute dudarik gabe. Herri kirol jaialdian Jokin Eizmendi zarauztarra ere izango da. Azken bi urtetako Igeldoko Harriaren txapeldun da beste garaipen garrantzitsuren artean.

Eta kirola ez hain gustoko eta beste ekitaldi batzuk nahiago dituenantzako bertso saio oso berezia antolatu da. Bi ekitaldi egingo dira. lehendabizikoa eguerdiko 13:00etan hasiko da eta Amets Arzallus eta Andoni Egaña dira protagonista. Bigarren saioa berriz arratsaldeko 19:00etan hasiko da eta aipatutako bi bertsolari handiei hirugarren izen handia gehituko zaie, Maialen Lujanbio hain zuzen ere. Hirurak bertso saio polita eskainiko dute

Esan beharra dago bai Egaña, bai Lujanbio eta bai Arzallus Euskadiko Bertsolari Txapelketa Nagusiko txapela zer den ederki ezagutzen dutela. 90. hamarkadatik bertsolaritzak ez du ezagutu beste txapeldunik. Beraz hiru bertsolariko saio hobeagorik ezin liteke antolatu.

Martindegiko festak amaitu eta gero datorren astean Kaxoko Karmen jaiak hasiko dira Hernanin. Hilaren 16ean, Karmen egunerako antolatu dira ekitaldi denak. Goizean, 10:00etan, hasiko da egitaraua eta gauerdirarte kirola, musika eskulanak.. denetarik egondo da egun guztian zehar. - I.I.

11:00etan. Bermuta.

12:00etan. Euskal Festa. Aizkolariak: Aitzol Atutxa txapeldun handia batetik, eta Jon Larrañaga Larra eta Azpeitiko Mikel Larrañaga bikotea bestetik, lehian. Harrijasotzailea: Jokin Eizmendi.

13:00etan. Bertsolarien saio berezia: Andoni Egaña eta Amets Arzallus.

18:00etan. XX. Trikitilari Gaztetxoen Txapelketa.

18:00-19:00. Toka txapelketa nagusia (Gurutzeta sukaldeak antolatuta). Jarraian toka amaitu eta gero, bertsolarien bigarren saioa hasiko da: Andoni Egaña, Amets Arzallus eta Maialen Lujanbio.

20:00etan. Dantzaldia, Bide Batez taldearekin. Ondoren, Kalejira auzoan barrena, festei bukaera emateko.