azpeitia - Hainbat hilabetetan lanean aritu ondoren, Azpeitiko Kultur Mahaiak eta Udalak Soreasuko Sormen gunearen proiektua aurkeztuko dute datorren asteazkenean (19.00etan) herritarren eta herriko eragileren aurrean.

Kultur Mahaitik aurreratu dutenez, Sanagustin kulturgunean egingo den ekitaldi horretan “proiektuaren oinarriak” aurkeztuko dira, “hilebeteotan jasotako ekarpenetik abiatuta”. Hala ere, asteazkenekoa ez da sormen gunearen proiektuaren amaiera izango, “datorren ikasturtean landu beharreko hamaika kontu izango direlako oraindik”.

Beraz, prozesuaren “beste fase bat” irekiko da datorren udazkenean, “sormen gunearen zehaztapenak jorratuz eta honen baitako egitarauari ekinez”. Fase horretan ere, herritarren ekarpenak “ezinbestekoak” izango dira.

Hori dela eta, Kultur Mahaiak eta Udalak azpeitiar guztiak animatu nahi dituzte datorren asteazkenerako Sanagustin kulturgunean antolatu den batzar-aurkezpenera gerturatzeko. - J.L.