legorreta - Legorretan hondakin bilketa egiteko sistemaren inguruan galdeketa egiteko oniritzia eman du Espainiako Gobernuak. Abenduaren 30ean onartu zuen Espainiako Ministroen Kontseiluak udalaren eskaera, eta beraz, herrian zein bilketa sistema jarri, kontsultan balioztatu ahalko dute legorretarrek. Ministroen Kontseiluak onartutako galdera honako hau da: “Ados al zaude udaleko bi taldeek adostatutako hondakinen bilketa sistemarekin?”. Bi erantzun posible eman ahalko dira: bai ala ez.

Legorretako Udalak “berme guztiekin” egin ahal izango du hondakin sistemaren inguruko galdeketa. Hala adierazi du Legorretako udalak Espainiako Gobernuaren webgunean ebazpenaren inguruko erabakia argitaratu eta berehala.

Legorretako bi udal talde politikoek -EH Bildu eta EAJ- adostu zuten prozedura nolakoa izango zen, agintaldiaren hasieran. Birziklapen tasak igotzeko asmoz, nolako bilketa eredua jarri behar den adostu dute lantaldean, eta sistema horri galdeketan eman beharko diote onarpena herritarrek. Egun, %72ko bereizitako bilketa tasa dauka Legorretak.

Kontsulta noiz egingo den ez du zehaztu udalak, beraz, oraindik ere ez dago egunik kontsultarako. Horren berri “zehaztasun gehiago jakin ahala” emango duela azaldu dute. Bilketa modu berriak “ahalik eta gehien” bereiztea izango du helburu. - M.A.