Tolosa - Ikasturtea hasi berritan, EH Bilduren ustez bideratu gabe jarraitzen dute legegintzaldi hasieratik mahai gainean zeuden gai askok. “Gai estrukturalei ez die behar bezalako erantzunik eman oraingoz EAJ-PSE gobernuak; legealdi ia osoa joan da, eta hor diraute tolosarren bizitza-kalitatean zuzenean eragiten duten arazo askok”, aditzera eman dute Kristina Pelaez eta Lore Agirre EH Bilduko ordezkariek. Era berean, beren kezka azaldu dute herritarrek eta eragileek udal diru-lagun-tzak jasotzeko arazoak dituztela adierazi dietelako.

Erantzunik gabeko gai horietako bat da, oposizioaren ustez, eskualdeko osasun zerbitzuarena. EH Bilduren esanetan, “azken 30 urtetan ez da inbertsiorik egin osasun zerbitzuan; are gehiago, murrizketa ugari jasan dira. Ezinbesteko da beste eskualdeen pareko osasun zerbitzua izatea. Eskualde-ospitale publikoa behar dute Tolosak eta Tolosaldeak”.

Era berean, eskualdeko garraio zerbitzuaren egoerari behin behineko irtenbidea eman behar zaiola uste dute. EH Bilduren iritziz, hiribusarena zerbitzu publikoa izanik, udalak zuzenean eskaini beharreko zerbitzua da eta udal gobernuari Foru Aldundiaren eta langileen arteko bitartekari lanak burutzeko ere eskatzen diote.

Bestalde, eraikin publikoen erabilera plana martxan jartzea beharrezkoa dela uste du EH Bilduk eta auzoen zahar-berritze planaren baitan San Esteban eremurako proiektu bat adosteko premia ikusten dute: “auzo zaharkitua albo batera utzi du udal gobernuak, baina San Estebanek ezin du gehiago itxaron”. - M.S.S.