beasain - Beasain gaur egun zein egoeratan dagoen aztertuko da lehenik eta ondoren, herriko eragileen identifikazioa eta datu bilketa egingo da, kontziliazioa enpresa eta elkarte bakoitzean nola eta noraino barneratuta dagoen jakiteko eta hobetzeko proposamenak jasotzeko. Horixe da, hain zuzen ere, Herrilab proiektuak Beasainen izango duen dinamika, eta dagoeneko abian da, gainera.

Helburu argia du egitasmoak: bizi-tza pertsonalaren, familiaren eta lanaren kontziliazio erantzunkidea sustatzea. Hori ahalbidetzeko hasi dute proiektu piloto hau. Esperien-tzia aitzindari horretatik ondorioztatutako ezagutzak berdintasun eta kontziliazio politiketarako baliatuko dituzte, eta aldi berean, eredu bezala balioko da lurraldeko beste udalerri eta eskualdeetan antzerako esperientziak egiteko.

eragile ugari Bizirik dagoen herria da Beasain eta horren eredu da dagoen elkarte eta enpresa kopurua. Hain zuzen, arlo ekonomiko eta sozialean eragin garrantzitsua duten elkarte eta enpresa askoren artean honako hauek aurkitzen dira: herriko ikastetxeak, CAF, Indar, Gerra Hermanos, Aizkorri Mendizale Elkartea, Asmube, Aurtzaka, Beasain KE, Goierri Gorri, Goieki eta Bareak elkartea. Horiek guztiek, nola ez, eragina dute herriarengan eta bertako biztanleengan eta horrexegatik proiektua aurkeztu egin zaie.

Ikertalde enpresa izango da prozesua aurrera eramateaz arduratuko dena eta jakinarazi dutenez, Herrilab-ek arlo soziala eta ekonomikoaz gain, arlo instituzionalean ere eragingo du, politikariekin eta Udaleko teknikariekin. Gainera, herritarrei ere zabalduko zaie parte hartzeko aukera. Egoeraren diagnostikorako erabiliko diren tresnak edo bitartekoak, inkestak, eztabaida taldeak, aurrez-aurreko elkarrizketak eta on-line galdetegiak izango dira. Horrela, ekimenak eragileak eta herritarrak inplikatuko ditu, esperimentazioaren bidez, eraldaketa soziala sustatzeko elkarlanean, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna era esanguratsu eta iraunkorrean susta-tzeko ekintzak diseinatu, probatu eta ezarriko dira proiektuari esker.