Errenteria - Hainbat proiektu eta zerbitzuren inguruko herritarren iritzia ezagutzeko azterlana egin du Errenteriako Udalak. Horretarako, 18 urtetik gorako 600 pertsonari galdetegia egin zitzaien ekainaren 21a eta uztailaren 13a bitartean, eta aste honetan jakitera eman dituzte emaitzak.

Oro har, baloratu ziren aldagaien iritzia positiboa da, herriko egoera, udal kudeaketa, udal gobernuaren ezaugarri, eta aipatu zaizkien proiektu, instalazio eta zerbitzuei buruzkoa.

Izan ere, azken urteetan aurrera eraman diren proiektuen inguruan eta Udalak herritarrei eskaintzen dizkien zerbitzuetan, denek jaso zuten 5etik gorako balorazioa batez beste. Ondoen baloratu zena Alabergako igogailuak izan ziren, aldiz puntuazio baxuena Lekuona kultur ekipamenduak eta auzoko udaltzaingoak jaso zuten.

Alabaina, hainbat proiektu, zerbitzu eta leloren ezagutza maila nahiko baxua da inkestaren arabera arlo askotan. Galdetegien erantzunek adierazten dute kasu askotan herritarrek ez dituztela egiten ari diren proiektuak edota eskaintzen diren zerbitzuak ezagutzen.

Arazoak Herriko egoera orokorraren balorazioa kokatzeko, lehenengo galdetu zen, modu irekian, ea zeintzuk diren Errenteriako arazo nagusia eta inkestatuaren arazo nagusi pertsonala. Bi kasuetan erantzun hauek izan ziren nagusi: aparkaleku falta, lan merkatuari lotutako arazoak, trafikoa eta delinkuen-tzia eta segurtasun falta. - A.M.