legazpi - Legazpin bizi den Aitor Alberdi zumarragarrak maratoiaren prestaketari buruzko hitzaldia emango du bihar, 18.30ean, Legazpiko kultur etxeko areto nagusian. Hilaren 24an hitzaldi bera emango du, gazteleraz.

Alberdi txirrindularia eta triatloilaria izan zen. Euskal Herriko zirkuituan onenen artean ibili zen eta hainbat Ironman egin zituen.

Heziketa Fisikoko eta Kiroletako lizentziatua da eta Kirolaren Goi Errendimenduko masterra. Ordiziako kiroldegian igeriketa eskolak eman zituen eta egun Eusko Jaurlaritzaren Hobekuntza Teknikorako Zentroan lan egiten du, Getxon. Basque Team fundazioko kirolariekin lan egiten du, besteak beste.

Legazpiko hiru laguni maratoia prestatzen lagundu zien eta orain hitzaldi bat ematea erabaki du. “Erresistentzia probetan gero eta jende gehiagok parte hartzen du. Askok badakite nola prestatu, baina beste askok ez. Hori dela eta, hiruzpalau oinarri emango ditut”.

Alberdiren esanetan, efizientzia funtsezkoa da. “Ahalik eta efizienteena izatea oso garrantzitsua da. Bestalde, osasuna ez da arriskutan jarri behar”. Jendearen akatsik handiena neurri gabe entrenatzea da. “Askok planifikatu gabe entrenatzen dute. Sentsazio onak badituzte gogor entrenatzen jarraitzen dute eta itotzera heltzen dira. Nekea etortzen zaizunean hori kudeatzen ez badakizu, estresa edo uzteko gogoa piztu daitezke. Une bakoitzean zenbat eta zein erritmotan entrenatzen jakitea oso garrantzitsua da”.

Korrikalariek izan ditzaketen zalan-tzak argitu eta beraien ezagutza areagotu nahi du. Helburua prestaketa prozesuak efizienteak izatea da, osasuna zainduz helburuak lortzeko. Hi-tzaldia arnas luzeko gainontzeko kiroletan aritzen direnentzako ere baliagarria izango da.

Alberdirekin lan egin duenetako bat Jon Larrañaga da. Oso gustura dago lorturiko emaitzekin. “Azken hiru maratoiak Aitorrekin prestatu ditut. Alde handia nabaritu dut. Donostian 3 ordu eta 7 minutu behar izan nituen, Sevillan 3 ordu eta 4 minutu eta Valentzian 2 ordu eta 58 minutu. Lehen baino gehiago entrenatzen dut eta lehen baino gutxiago nekatzen naiz! Hitzaldira joango naiz eta jendeari joatea gomendatzen diot”.

Alberdirekin entrenatu duen beste legazpiar batek, Trekuk, ez du joaterik izango. Ospitalean dago eta animoak bidali nahi dizkiote.