Errenteria - Urte mordo bat dira Ereintza dantza taldeak inauteriei hasiera emateko ardura bere gain hartu zuela. Azeri dantzarekin Errenteriako kaleak festa giroan murgiltzen dira eta Herriko plazako emanaldiarekin inauteriei hasiera ematen zaie urtero-urtero Ostegun Gizenez.

Ereintzako kideek herritarren parte-hartzearekin festa are eta ederragoa egin nahi dute, festa herrikoiagoa, alegia. Horregatik, bertan parte hartzeko gonbita luzatu dute. Gauzak horrela, aurten ere entsegu batzuk antolatu dituzte. Bihar eta otsailaren 14, 21 eta 27an izango dira, 20.00etan, Merkatuzarren. “Honekin inauteriek gure herrian azken aldian hartu duten goranzko joerarekin jarraitu nahi dugu eta jaien hasierari bultzada txiki bat eman”, argudiatu dute.

Antolatzaileen esanetan, dantzaz baino, jolas dibertigarri eta zirika-tzaileez osatua dago Azeri dantza eta edonork egin dezake zailtasunik gabe.

Parte hartzeko interesa dutenek, mezua bidali beharko dute bi helbide hauetako batera: kultura@errenteria.eus edo ereintzadantzataldea@gmail.com. - A.M.