Ez dakit noiz hasi ginen aurrematrikulazioari begiratzen horren arreta handiz, noiz hasi zitzaigun harrotzen euskarazko hezkuntza-ereduko datuei buruzko jakin-mina. Duela 30 bat urte, beharbada. Lehenago, orain dela mende erdia, konparaziora, datuak argi zeuden: % 99,98 gaztelaniaz. Handik honat, beraz, bidea egin da. Gero, halako batean, eta jaiotzek behera egitearekin batera, begirada datu horietan hasi ginen pausatzen. Datu jakingarriak dira, gainera, hiriburuko eta Iruñerriko hirigintzaren bilakaera jakiteko. Adibidez, Mendillorri eraiki eta urte gutxi batzuetara, sekulako booma gertatu zen han jaiotzetan, eta hango eskolak haurrez mukuru bete ziren; haietako aunitz D ereduan. Azken urteotan, jaiotzarik gehienak Buztintxurin eta Sarrigurenen izan dira, guraso gaztez beterik baitaude, Artika Berri ahaztu gabe. Eta orain, Lezkairu eta Erripagaña heldu dira. Horrenbestez, auzo bakoitzaren edo Iruñea inguruko herrien bilakaera nolakoa, halakoa izan da joera euskarazko irakaskuntzan. 90eko hamarkadako urteak emankorrak izan ziren benetan D ereduarentzat, urtetik urtera gorantz egin baitzuen. Gero, mende bukaeran, eta “Bai Euskarari” kanpainaren karira, Sadar futbol zelaia euskararen alde goraino bete zenean, aski erran zuen Cordovillako berripaperak, eta euskararen kontrako politika eraginkorra abiatu zen, PAI eta gisakoen bidez, besteak beste. Akabo igoera. Handik honat, ereduen arteko lehia izugarri areagotu eta gaiztotu da. Bestalde, kontuan hartu behar da zeinen zaila den Iruñerrian etorkinen seme-alabak D eredura erakartzea (eta haurren ia % 20 dira). Gauzak horrela, erakunde publikoak orain alde izanik ere, ez da erraza D ereduarentzat, are gutxiago Erriberan (ea Castejonen lortzen den). Beraz, ona litzateke D eredu publikoan emaitzak hobetzea, ikastoletan aurten gertatu den bezala. Datuak, bihar.