lazkao - Gazte laguntzaileak bultzatu nahi ditu beste behin ere Lazkaoko Udalak, eta aurten ere bekak emango ditu Gobernuz Kanpoko Erakunde batekin garapeneko lankidetza ekintzetan parte hartzeko. Laguntza hauen helburua Lazkaoko gazteek garapeneko lankidetza ekintzetarako sentiberatzea eta gazteen artean herrialdeen eta kulturen elkartasun-baloreak sustatzea da eta horregatik herriko gazteei zuzenduta egongo da deialdia eta 20 eta 30 urte arteko gazteek egin ahalko dute eskaera.

Eskaera egiteko gutxienez urte bete lehenagotik herrian erroldatuta egon beharko da, eta eskatzaileak ezingo du lan harremanik izan GKE batekin. Eskaria egiten duen pertsona bakoitzak, gehienez ere 2.000 euroko laguntza jasoko du.

Udalak laguntza hauek aurrera ateratzeko 6.000 euroko aurrekontua zehaztu du, eta laguntzak eska-tzeko epea urte amaiera arte izango da, beraz, oraindik ere denbora badago beka hauek eskuratzeko. Eskaerak Udaletxeko harrera bulegoan aurkeztu behar dira eta bete beharreko agiriak han lor daitezke.

Udalak aukeratuko du nori eman beka eta honako irizpideak jarraituko dituzte: jarduera egin behar den herrialdeko hizkuntza edo ingelera ezagutzea, herrialdean landu behar den lan egitasmoa, GKEren bateko partaide izatea eta lankide-tzarako harremana izatea.

Bestalde, beka hau eskuratu ahal izateko honako baldintzak bete beharko ditu eskatzaileak: jarduera egin behar den herrialdean ekintza bukatu arte irautea (gutxienez hiru aste), tarte horretarako istripu edo gaixotasun aseguru bat kontratatzea, Osakidetzaren aholkuak betetzea, programa bukatutakoan egindako lanaren memoria aurkeztea eta helburu berdinerako beste lagun-tzarik ez jasotzea.

Aurreko urteetan programa honetan parte hartu ez dutenek izango dute lehentasuna. - M.A.