irurita - Iruritako Dantzariek antolatuta, eta Baztango Udalak, Elizondoko Abesbatza Ttikik eta Nafarpres liburudendak lagunduta, Bagara! izeneko emanaldia burutuko da gaur Iruritako Aranabia pilotalekuan, 19.30ean hasita. Dantzak eta kantuak bat eginen dute gaurko emanaldian. Urtero beren doaiak erakusten dituzten Iruritako Dantzari trebeek aurten hamar urte bete dituen Elizondoko Abesbatza Ttikiko ahotsekin bat eginen dute gaur, ederra aurreikusten den emanaldian.

Kantari gazteek, hain zuzen ere, gaur lan bikoitza izanen dute, izan ere, beren urteurren borobilaren baitan, kontzertu aunitz eskaintzeaz gain, formazio tailer batean ere parte hartzen ari dira. Imanol Elizasu zuzendari eta irakaslearen eskutik, otsailan egin zuten lehenbiziko tailerra, eta gaur berean, goizean, bertze hitzordu bat dute.

Urte oparoa Elizondoko Abesbatza Ttikiarendako, tartean, iaz ekoitzitako Jolasean musikala leporaino betetako Gayarre antzokian taularatu zuten urtarrila hasmentan. - F.A.G.