Udaltzain bizkar urdinak Labrit aldeko terrazetan agertu dira. Auzoko udaltzainak dira. Neurriak hartzen ibili dira, berogailuak eta eguzkitakoak aztertzen, argazkiak ateratzen, eta irekiera-lizentziak betetzen ote diren ikusten. Hamaika taberna eta elkartetan ere dabiltza ate joka. Lehen emaitzen arabera, irregulartasun franko aurkitu dituzte taberna aunitzetan, Alde Zaharreko bizilagunek aspalditik ederki dakiten bezala. Hori begi-bistakoa zen, konparazio batera, Nabarrerian, Estafetan, Tellerian, bai eta San Nikolas, Komedias eta Pozoblanco karriken elkargunean ere. Azken karrika-buru horretan bizi den jendeak badu merezimendu, zinez. Egia erran, ez dakit inor gutxi bizi ote den, ostalaritza molde berria agertu denez geroztik. Izan ere, inguru horretako tabernak elkarren kontrako lehia itsusian aritzen dira, zeinek musika gorago eman, zeinek asots zakarragoa egin, gauerditik aitzina ordu txikiak arte, baita lanegun aunitzetan ere. Urrutitik ederki entzuten da musikaren harrabotsa, eta ez bakarrik atea behin eta berriz zabaltzen dutenean, jende emaria etengabea baita. Ez baitaude behar bezala isolatuak eta ate bakarra dute. Duela hamabortzen bat urte edo gehiago, gaueko tabernek bigarren atea paratu behar izan zuten. Orain, ordea, ez omen da horrelako taberna berri bereziak soka motzean lotzeko moduko udal araurik. Edo baldin bada, ez da bete edo ezin betearazi. Eta zer lizentzia klase dute horrelako tabernek gau eta egun aritzeko? Egun argiz, taberna, eta gauez, diskoteka bihurturik. Orain, Udalak auzoko udaltzainak igorri ditu taberna, kafetegi, elkarte eta gisakoak ikuskatzera; espedienteak ere abiarazi omen dira. Bada, jakin beharko litzateke zer zigor ezarriko zaizkien arauak bete ez dituztenei eta, batez ere, behartuko ote dituzten behar bezala isolatzera eta bigarren atea paratzera.