arrasate - Arrasateko euskara elkarteen mugimenduak bi urteurren borobil ospatuko ditu datorren larunbatean: AED Elkartearen 35. urteurrena eta Txatxilipurdiren 25.ena. Goiz partean, 11.30etik aurrera, emango diote hasiera jaiari Seber Altube plazan. Bertan, askotariko ekintzekin gozatzeko aukera egongo da: MuralArteko neskek gidatutako mural margotzea, herriko kontalariekin ipuin maratoia, zuzeneko irratsaioa? Tartean, eguerdiko 12.00etan, Kulturaten ikusgai dagoen Artean3 izenburuko erakusketa bisitatuko dute, Sara Miguelez artistaren eskutik.

Bazkaldu aurretik, dantzei eta musikari ere tartea egingo diete. Alde batetik, Arrasateko Erraldoien eta Kilikien Konpartsak kaleak girotuko ditu (13.30), eta Seber Altuben Arrostaitz eta Lore Gazteak taldeetako kideekin dantzaldia izango da. Bestetik, Ekiñe Casadok bakarkako kontzertua eskainiko du gitarra lagun duela.

14.30ean, berriz, paella-janaren ordua iritsiko da (txartelak AED, Ekin eta Jai Zalen eskura daitezke), eta ondoren, Sei pistols&Trabuko bat taldeak betiko eta egungo euskal kantuekin berotuko du jaia.

Adin guztietako jolasak Txatxilipurdik gidatuta (16.00), AEDk ekoiztutako Buah txabal! antzezlana (17.00) eta RIPeko Txerra Bolinaga kide den Konpost taldearen kontzertua (18.00) ere antolatu dituzte urteurrenak ospatzeko. -A.D.