Itxuraz, kanpainan gabiltza. Bi asteren buruan, bozak. Hala ere, karrikan bozketa girorik ez. Opor usain nabaria, gainera. Gaur, Erramu Igandea. Hasia baita Aste Saindua. Heldu den astean, beraz, eta Pazko Astean ere, hamaika familiak Mediterraneorako bidea hartuko dute. Kanpaina, ordea, bete-betea, bai hedabideetan, bai sare sozialetan. Iduri luke jende guztia dabilela etengabe txioka, baina ez da horrela. Jendeak, gehienbat, betiko hedabideak zurrupatzen ditu, eta haietan lekurik batere ez dute, konparaziora, Aldaketaren hanka nagusiek; telebistetan, zer erranik ez. Etxetik atera, eta kartel gutxi. Lehen egunotan, nik behintzat, Koldo Martinezen eta Bel Pozuetaren aurpegiak ikusi ditut. Bitartean, faroletan zintzilik, eskuindar blokeko hautagaien argazkiak. Eta gaur, hain zuzen ere, apirilak 14. Urte haietan, eskuindar blokeak sekulako nagusitasuna erakutsi zuen. Orain, bertzerik da, eta egiazki bertzela izatea nahiko genuke. Urteak ez baitira alferrik iragan. Gainera, UPNren baitan ez omen dira denak kontent alderdiburuek egindakoaz; are gutxiago, Casadok, Riverak eta enparauek huntaz eta hartaz erran dituztenak en-tzun eta gero. Halere, zintzo-zintzo joanen dira botoa ematera, alimaleko garran-tzia baitute bai haientzat, bai duela lau urte hemen zabaldutako bidearentzat. Beraz, Aldaketaren aldeko indarrek emaitza itxurosoa izan beharko lukete Kongresurako, eta hiru postuak eskuratu Senaturako. Eginen al dute indar horiek egiazko apustua Senaturako? Iritsiko al dira etxera Senaturako boto-paperak, Aldaketako hautagaiak markatuta? Nago adin batetik beherako jendeak ez dakiela zenbat izen markatu behar diren ere. Podesmos taldearen propaganda jaso dugu gure postontzian, dena Kongresurako. Senatuaz hitz erdirik ere ez. Ikusten denez, ez da ikasbide izan aurreko bi aldietan huts egin izana.