elizondo - Elkarbizitza sustatzeko helburuarekin, Kanpo Lana izeneko hitzarmena sinatu zuten pasa den ortzegunean Elizondoko Lanbide Eskolan Roberto Perez Elorza, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza zuzendari nagusiak eta Rafael Sanchez-Ostiz Gutierrez, Idea Asistencia enpresako zuzendari nagusiak, hau da, Elizondon dagoen Francisco Joaquin Iriarte adinekoen egoitza, Nafarroako bertze hainbat egoitzarekin batera, kudea-tzen duen enpresako zuzendari nagusiak. Sinadura ekitaldian parte hartu zuten ere Francisco Joaquin Iriarte adinekoen egoitzako zuzendariak eta Elizondoko Lanbide Eskolako zuzendaritza taldeko kide diren Maite Ariztegi eta Amaia Intxaustik.

zertan datza Kanpo Lana izneeko ekimenaren funtsa, laburbilduz, hauxe da: ikasgelatik kanporatzeko zigorraren ordez, gizartearen aldeko lanak egin beharko dituzte ikasleek.

Elizondoko Lanbide Eskolak lehendik bere gisara, intuitiboki egiten zuen ekimen bati babes ofiziala ematen dio hi-tzarmenak: Francisco Joaquin Iriarte Zahar Etxearekin elkarlana. Maite Ariztegi, Elizondoko Lanbide Eskolako zuzendariak adierazi zuenez, “ikasturtean zehar ez dugu ikasleen kanporatze aunitz izaten, baina programa honekin bat egin nahi genuen, elkarbizitza lantzeko egina dugun apustuarekin bat egiten duelako”. Rafael Sanchez-Ostiz Gutierrez, zahar etxea kudeatzen duen Idea enpresako zuzendariak erran zuenez, “erresidentzietan egiten dugun lana ezagutzera emateko baliagarria izanen da, eta etorkizuneko langileak erakartzeko ere balio dezake”. Bi aldeak entzun ondotik, Roberto Perez Elorzak, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza zuzendari nagusiak, Kanpo Lanak programaren funtzionalitatea goraipatu zuen, “bistan da programa honekin denak irabazten aterako direla”.

Izan ere, programa honekin, kanporatzeak lan sozialengatik ordezkatzeaz gain, ikasleek bertze errealitate batzuk ezagutzeko aukera izanen dute. Gisa honetara, ikasleak ikasketekin motibatu nahi dituzte eta nork daki, beharbada etorkizuneko lanaren bila bideratu. Lankidetza hau praktikara eramateko garaian ikastetxeak eta zahar etxeak erabakiko dute zein diren ikasleendako egokien suerta daitezkeen lanak.