GETARIA - Getaitri Triatloi Klubak eta Zarauzko Balea Igeriketa taldeak I. San Anton Bira itsas-zeharkaldia antolatu dute uztailaren 14rako. Antolatzaileek adierazi duten bezala, astebete beranduago egingo den Getaria-Zarautz zeharkaldia prestatzeko proba izan daiteke: “I. San Anton Birak izen bereko penintsula inguratuko du, eta, pixkanaka, Gipuzkoako itsas zeharkaldietan finkoa izatea da helburua”, azaldu zuten.

“Oraindik ere sarri herriko arran-tzaleek egiten duten moduan, sartaldetik sortalderako bidea egingo du zeharkaldiak”. Horrela, Gaztetape hondartzan izango du abiapuntua goizeko 11.00etan, eta Malkorbe hondartzan amaituko da. “Probaren pizgarririk nabarmenena herriko hondartza nagusiak batuko dituela da”, gehitu zuten antolatzaileek.

Guztira, igerilariek 2.600 metroko zeharkaldia egingo dute San Anton mendiaren ertzetik. Ibilbidea buiek mugatuko dute; kirolariek eskubitara utzi beharko dituzte Malkorbeko hondartza, erdian egongo den helmugara iritsi bitartean.

Antolatzaileek parte hartzera animatu nahi dituzte herritarrak eta bizilagunei proba ikustera bertara-tzeko deia egin dute: “Ikusleek aukera bikaina izango dute froga jarraitzeko. Lehendabiziko zatia, hondartza, nahiz Viveros San Anton aurrean kokaturiko dikeko pasealekutik, Ketarriraino. San Anton mendiko zeharkaldia bertara igota ikusi ahalko da ondoren (Katxapo edo itsasargiaren azpiko behatokitik). Behin Masoparri punta gaindituta, San Anton mendiko bidetik eta dike ezberdinetako goiko espaloietatik igerilariak helmugaraino ikusi ahalko dira”.

Adinaren arabera sailkatuko dituzte parte hartzaileak. Hori dela eta, bost kategoria ezberdin egongo dira: A1 kategoria 65 urte edo gehiagokoentzako; A2 kategoria, 55 eta 64 urte tartean daudenentzat; B kategoria, 45 eta 54 urte bitarteko adina dutenentzat; C kategoria, 35 eta 44 urte artekoentzat eta D kategoria, 15 eta 34 urte bitartekoei zuzendua.

Sariak, lehenengo hiru emakumezko eta gizonezkoentzat; Getariako lehenengo emakumezko eta gizonezkoarentzat; eta sexu eta kategoria bakoitzeko irabazleentzat izango dira.

I. San Anton Bira zeharkaldia egiten dutenek materiala eta aldatzeko arropa uzteko kontsignak edukiko dituzte, Gurutze Gorriaren eraikinaren aurrean.

Era berean, kontsigna “gune estrategikoa” izango da, inguruan egongo direlako hornidura-gunea eta mediku zerbitzua.

Segurtasunari dagokioez, iragarri dute itxita egongo dela portuko sarrera eta irteera probak iraun bitartean, beraz, nabigazioa debekatuta dagoela jakinarazteko kartelak jarriko dituzte kirol-portuan.

izen-ematea zabalik Dagoeneko zabaldu dute probako izen-ematea rockthesport.com webgunean. Parte-hartzaile bakoitzak 23 euro ordaindu beharko ditu eta horretarako epea uztailaren 11ra arte egongo da irekita. Dortsalak, berriz, probaren egunean jasoko dira 9.00etatik 10.45era, Gurutze Gorriaren eraikinaren aurrean.