Urtero ez dakit baina auni-tzetan gertatu izan da beroaren ufada bat-batean agertzea Iruñean, aste honetan bezala. “Denbora arras bortitza izan dugu azken astean (hiriburuan). Maiatzaren erdian arropa lodiekin neguko aro tzarrian bezala. Noiz jinen zaizkigu egun ederrak?” idatzi zuen Iruñeko auzokide Manezaundi luzaidarrak 1928an, Hiri Buruzagitik Baionako Eskualduna astekarira igorritako kronikan. Eta handik astebetera, berriz, hauxe: “Joan den astean kexu nintzen aro hotz eta latzagatik, baina uste ginuen bezala, yauzi batez sartu gira uda beroan, primadera alde baterat utzirik. Sasoinak gizonak bezain nahasiak ditugu”. Maiatzaldia ekimenean aipagai izan den Enrike Zubiriren hitzak baliaturik, erran genezake Aldaketaren udaberria alde batera utzirik, jauzi batez sartu garela agorraldian, infernu beroan, eta “sasoinak” bezain nahasiak gabiltzala, zafraldi gai-tzaren ondotik. Ez denak, ordea. Iruditzen zait udal gobernuan ardurarik izan duen arduragaberen bati halako poz aire ezin ezkutuko bat dariola, halako burlaize bat, eta laket zaiola infernua, handik inoiz zerura igoko delakoan. Ez dute sekulan santan ikasiko. Orain, itxaropen bakarra da ea sozialistekin batera ezer egiterik ote den, ezinbertzeak bulkaturik. Zertaratu garen. 2007a daukagu gogoan, ordea, eta eskuindarrek zeru-lurrak astinduko dituzte (hasi dira) bide hori eragozteko, atzendu gabe Nafarroako Alderdi Sozialistaren barnean ere jende eragintsu askok eskuindarrekiko akordioa hobesten dutela; zer erranik ez, haiei lotutako sindikatuan. Hala ere, agorraldiak luze jo badezake ere, azkenean (berriro Manezaundiren luma hona ekarrita), “udako kixkalduraren ondotik, ikustekoak dira orai (Iruñerriko) bide sahetsak, ipuruak eta soropilak bere berdetasun bizian, udazkeneko euriek untsa ihinztatu ondoan”. Hasi beharko dugu, beraz, euria eragiten.