zumaia - Abian da Zumaiako futbol zazpi 19. txapelketa. Edizio honetako parte hartzea ere handia izango da, izan ere, guztira 50 taldek eman dute izena.

Hala, astelehenetik ostiralera bitartean, egunero sei partida jokatuko dira, 19.00etan hasita. Partida bakoi-tzak 22 minutuko bi zati izango ditu. 50 taldeak bederatzi multzotan banatu dira, eta uztailaren 5ean lehenengo fasea amaituko da. Ondoren, uztailaren 8tik aurrera, bigarren faseari ekingo zaio. Txapelketaren zati honetan, taldeak bitan banatuko dira. Hau da, multzo bakoitzeko lehen bi sailkatuek liga jokatuko dute, eta gainerakoek, berriz, kopa. Amaitzeko, ligako eta kopako finalak hilaren 24an jokatuko dira.

Antolatzaileek esan dutenez, “erdiak zumaiarrak dira, eta gainerakoak Urola Kostako herrietatik etorriko dira. Hala ere, Debako, Elgoibarko eta Eibarko taldeak ere badaude”.

areto futbola Areto futbolari dagokionez, datorren astelehenean hasiko da txapelketa eta interesa dutenek gaur izango da izena emateko azken eguna. Informazio bilera, aldiz, ekainaren 6an egingo da kiroldegian, 19:00etan -A.Z.