Lasarte-Oria - Txikitatik izan ditu margoak eta koloreak bere esku, Zumaburu auzoan kokatzen zen bere aitaren Pinturas Toquero dendari esker. “Ikastolan beti nengoen marrazten, betidanik gustuko izan dut”, gogoratzen du Julian Toquerok. Aurten Lasarte-Oriako Udalak herria alaitzeko eta bertako komer-tzio eta ekonomia suspertzeko antolatutako mural lehiaketako edizioan parte hartu du eta bigarren (Blas de Lezo kaleko Sorgin Dantza) eta hirugarren (Zumaburu ikastolako Koloretako Ametsa) sariak eskuratu ditu.

Zer suposatu du zuretzat saridun izatea? Espero zenuen?

-Beti saiatzen zara hoberen egiten “irabazteko”, kakotxen artean. Berdin du nola geratu, baina beti saia-tzen zara guztia ematen ahal den sari hoberena lortzeko. Aurten oso gustura gaude bigarren eta hirugarren sari horiekin, baina pena bat da puntu batengatik irabazi ez izana. Lortu duguna oso ondo dago.

Aurten Udalak proposatutako paretek muralak egiteko zailtasunak zituzten. Adibidez, Zumaburu ikastolako pareta margotzea oso zaila zela esan zuen epaimahaiak.

-Pareta oso luzea zen eta baxua. Bi zatitan zegoen banatuta, zati bat 40 metro zabaleran eta 1,50 metro alturan eta beste zatia, 20 metrokoa, 1,50 metrotik zerora. Ia 100 metro karratu ziren eta zailtasuna alde horretatik zetorren.

Nola bururatu zitzaizun krokodrilo bat bertan marraztea?

-Umeen ikastetxe bat da eta koloretako amets bat irudikatzea bururatu zitzaigun. Itsasoa, bale bat, arrai-nak, espazioa ere agertzen da,espaziontzi bat eta guzti hori krokodriloaren ahotik ateratzen da. Fantasia bat da, haurrentzako nire ustez oso aproposa dena.

Bigarren saria Sorgin Dantzak jaso du, Lasarte-Oriarekin oso lotuta dagoen ekitaldi kulturala.

-Blas de Lezoko lokal hori Udalarena da eta han jaietako materiala gordetzen dute: buruhandiak, erraldoiak, danborradako gauzak... baina nire ustez Lasarte-Oriako esanguratsuena eta bereizgarriena Sorgin Dantza da eta horregatik aukeratu nuen.

Lehenengo aldia da Guztion Lasarte-Oria lehiaketara aurkezten zarela?

-Lehenengo aldia izan da, bestetan epaimahai bezala egon naiz edo laguntzen. Aurten margotzeko gogoa neukan eta aurkeztea pentsatu nuen.

Herrian zure beste lan batzuk ikus daitezke.

-Bai, bat Dorre parkean (ahaten parkean) dago eta Guztion Lasarte-Oria mural lehiaketako lehenengo edizioan haurrekin antolatu genuen mural-tailer bat izan zen eta Pirritx, Porrotx eta Marimotots etorri ziren, festa-giro oso polita egon zen eta denen artean margotu genuen. Iaz Udalak enkargatuta Oriako frontoiaren atzealdea margotu genuen eta bertan automobil zirkuituko helmuga kokatuta zegoenez omenaldi bat egin nahi izan genion. Oso harro nago mural honekin, oso polita da eta izugarrizko lana dauka. Hiru aste eman genituen margotzen.

Zer deritzozu Lasarte-Oriak mural lehiaketak antolatzea eta arte disziplina honi aitortza egitea?

-Oso ondo. Gainera alaitasuna ematen diote herriari eta jendeak errespetatu egiten ditu. Lehen oso zikinak zeuden fatxadetan jendeak pintaketak egiten zituen, baina muralak errespetatzen dituzte. Kuriosoa da.

Zer falta zaio lehiaketari?

-Nire ustez kontutan izan beharko lukete paretaren tamaina, denak berdintsu izateko eta lan karga berdina izateko. Gainera, materiala ere ordaindu beharko lukete.

Familiarekin margotzen dituzu muralak.

-Bai, familia guztia egon gara lanean, Puri Fadrique, nire emaztea; nire semea, Oier; eta alaba, Aiora, eta Bikain tailerreko langileak. Oso polita izan da, baina lan izugarria daukate. Jendeak ez daki zenbat lana daukan mural bat egiteak, bakoi-tzan ehun ordu inbertitu ditugu, hori zirriborroak kontutan hartu gabe.

Pirritx, Porrotx eta Marimots pailazoekin harremana daukazu.

-Bai, duela justu 25 urte Diseinu Grafikoko ikasketak bukatu nituen eta kurtso amaierako proiektua izan zen Takolo, Pirritx eta Porrotxen lehenengo diskoaren marrazkiak egitea. Nota bezala Bikain jarri zidaten eta Ola kalean dudan tailerrari Bikain izena jarri nion. 25 urte daramatzat pailazoekin lanean.

Batez ere haurrentzako ilustrazioak egiten dituzu, zergatik?

-Bada agian Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin lana egiten dudalako eta esparru horretan lan asko egin dudalako, baina beste motatako lanak ere egiten ditugu, ilustrazio errealagoak ere egiten ditugu.