Pasaia - Eguzki talde ekologistak Pasai Donibaneko Puntetako pasealekuan kantina ustiatzen duten arduradunek erabiltzen duten tresneria behin erabili eta botatzekoa dela salatu du prentsa ohar baten bidez. Jakin berri dutenez, bertan paperezko platerak eta plastikozko edalontzi eta mahai-tresnak erabiltzen dituzte.

“Ingurumenaren zaintzaz hainbeste hitz egiten den garai honetan, non erakunde publikoek behin eta berriro zabaltzen duten plastikoa ahalik eta gutxien erabili beharraren mezua, nola da posible hau?”, galdetu dute ekologistek.

Eguzkiren aburuz, harrigarria da XXI. mendean egonda, Udalak behar bezalako ingurumen irizpideak ez jarri izana horrelako zerbitzuen esleipenetako baldintza pleguetan.

Jakitera eman dutenez, Pasai Donibaneko Puntetako pasealekuan kantina ustiatzeko 2018an Pasaiako Udalak argitaratu zuen kontratazio pleguaren egikaritzeko baldintza berezien artean, ingurumenarekiko irizpide bakar bat aurkitzen zen: “Garaiko edo nekazaritza ekologiko edo integratuaren irizpideak betetzen duten elikadura produktuak erabiltzea”.

“Duela urte bat esleituta izanda, nola da posible baldintzetan bizi-zikloaren ikuspegia eta horrekin erlazionatutako ingurumen irizpideak kontutan hartu ez izana?”, azpimarratu dute beraien idatzian.

Izan ere, argudiatu dutenez, Eusko Jaurlaritzak 2016an argitaratutako 2020rako Euskadiko Erosketa eta Kontratazio Publiko Berdearen Programak erkidegoko administrazio guztiek egindako kontratazio-prozesuetan bizi-zikloaren ikuspegia txertatzea eskatzen du.

Hauek horrela, Pasaiako Udalari lehenbailehen Alabortzako kantinako arduradunekin hitz egin dezala eskatu diote, bere jarduera udal ordenantzetan eta ingurumen legedian azaltzen diren irizpideak kontutan hartuz garatzeko.

?Bestalde, datorren urtean kontratuaren bi urteko epealdia amaituko denez, hitzarmen berria egin dezala galdatu diote, baldintza pleguetan halakorik ez gertatzeko ingurumen irizpide garbiak ezarriz eta Euskadiko Erosketa eta Kontratazio Publiko Berdearen Programak ere aintzat hartuz.

Azkenik, Eguzki talde ekologistak aurrerantzean kontratazio guztien baldintza pleguetan hain beharrezkoak diren ingurumen irizpideak txertatu ditzala eta horiek betetzen direla bermatu dezala eskatu dio Udalari. - A.M.