amaiur - Auzolana zer den aski barneratua dute Amaiurren. Mendeetan zehar gaur egun arte mantendu duten ohitura da, horren erakusgarri azken herriko bestak prestatzeko aitzinetik egindako auzolan jendetsuak. Hamarnaka lagun elkartu dira azken bi asteetan herria garbitu, txukun utzi eta bestak antolatzeko. Dena den, beharbada azken urteetako auzolanik ikusgarriena eta iraunkorrena Amaiurko Gaztelukoa izan da.

Amaiurko Gazteluaren eta 1522ko gatazkaren inguruko solasak amaiurtar eta nafarren ahotan ibili dira mendez-mende, eta belaunaldiz-belaunaldi pasatu dira konkistaren inguruko aipamenak. Dena den, duela ia mende bat arte, gaztelua zegoen muinoa bere horretan egon da. Mendi kaxko bat izan da, bertan zer zegoen zehazki jakin gabe. 1922an, Amaiurko herriak eta Nafarroako Foru Aldundiak oroitharri edo monolito bat jarri zuen bertan, 400 urte lehenago bertan borrokatu zuten nafarren omenez. Tamalez, urte gutxi iraun zuen oroitharriak, 1931an dinamitaz suntsitu bait zuten. Hainbat hamarkada geroago, 1982an, aitzinako oroitharria zegoen tokian berri bat ezarri zuten, gaur egun hor dagoena. Hala ere, mende batzuk gibelera egin eta Amaiurko Gazteluaren inguruko historia berreskuratzeko bidean 2006. urtea gakoa izan zen.

indusketa Amaiurko herriaren ekimenez eta Baztango Udalaren laguntzari esker, 2006. urtean ustez Amaiurko Gaztelua zegoen muinoan indusketa lanak abiatu zituzten, Aranzadi zientzia elkarteak gidatuta. Ilusioz gainezka, jakin-minez ekin zioten hainbat boluntariok indusketa lanei eta berehala konturatu ziren bertan zeudela egun bateko gazteluaren aztarnak. Mendez-mende aipaturiko solasak kondairatik haratago, errealak izan zirela argi gelditu zen. Lur azpian zen Amaiurko Gaztelua zegoen.

Hamairu urte igaro dira orduz geroztik. Urtero, abuztuaren 1etik 14ra Aranzadi zientzia elkarteko kideak, Amaiurko, zein leku aunitzetatik etorritako boluntarioen laguntzaz, xinaurrien lana eginez, lan eta lan aritu dira indusketa lanetan. Urtez-urte, etengabe aurkikuntza berriak egin dituzte. Gazteluaren harresi desberdinak, kanoi bolak, geziak, platerak, XV. mende bukaerako ezpata bat? Gainera, gaztelua musealizatu dute, hainbat panel jarriz eta jendea eroso ibiltzeko pasarela bat eraikiz. Jende aunitz hurbiltzen da sinbolo bilakatu den gaztelua bisitatzera, eta bertako historiak pizten duen jakin-mina agerian gelditu zen ere duela hiru urte Iruñeko Kondestablearen jauregian jarri zuten erakusketan.

aurtengo lanak Aurten ere auzolana antolatu dute eta 33 boluntario, lanean ari dira bertan. Juantxo Agirre, Aranzadiko kideak aipatzen duenez “indusketa lanak akituxeak ditugu, baina beti dago zer egin, mantentze lanak eta garbiketa lanak errate baterako. Gazteluari buelta eman diogu eta sasiak garbitzen ari gara aurten batik bat”. Nahiz eta boluntarioak hamabost egunez lan egin, zenbait pertsona urte osoan aritzen dira; adibidez, Nafarroako Artxibategian eta Frantziar estatukoan dokumentazio aunitz bildu du en Aitor Pescador ikertzaileak.

Bihar bukatuko dute Aranzadikoek aurtengo egonaldia, baina lanean segituko dute eta 2022. urtea dute begiz joa. Orduan beteko dira 500 urte Amaiurko gatazka gertatu zenetik eta 100 urte lehenbiziko oroitharria jarri zenetik. Urteurren borobil horri begira, egitasmo potoloa du Amaiurko herriak buruan. Eliza ondoan Bisitarien Gune bat eraikitzeko proiektua garatu dute, www.amaiur.eus web orrian ikus daitekeenez. Agirreren hitzetan “amesten ez duen herriak ez du etorkizunik”, eta hortan ari dira. Hala ere dirua da falta dela saltzen du honek, eta horretarako jendearen ekarpenak eskertuko dituztela baieztatzen du. Webgunean bertan azaltzen da nola egin daitezkeen ekarpenak, ogasuneko desgrabazio handiekin gainera. Aurten hasiko dira eraikuntza lanak, eta mendeetan zehar lur azpian egondako historia azaleratuko du Bisitarien Guneak, ametsa egi bihurtuz.