deba - Debako kaleko margo sariketak 50 urte betetzen ditu aurten eta hori ospatzeko aurreko ediziotan sarituak izan ziren 30 lanekin osatutako erakusketa berezia egokitu dute udaletxeko areto nagusian. Gainera, edizio berezia izanda, diru-sari handiagoak egongo dira hilaren 14an burutuko den aurtengo lehiaketan. Isidor Lamariano Haitz Haundi elkarteko eta antolakuntza taldeko kideak zaletu guztiak animatu nahi ditu “udaletxeko erakusketa ikustera gerturatu eta margo lehiaketan parte hartzera”.

Nola sortu zen Debako kaleko margo lehiaketa?

-Herrian Centro de Jóvenes izeneko erakundea zegoen eta horren bueltan murgiltzen ziren herritarrek erakusketa eta margo lehiaketa bana antolatzen zuten urtero udaran. Beraz, gaur egunera ailegatu den kaleko margo lehiaketaren sorrera hortxe dagoela uste dugu.

Baina lehiaketa antolatzeko ardura aldatzen joan da...

-Bai. Esan bezala, hasieran Centro de Jóvenes horrek antolatzen zuen kaleko margo lehiaketa baina gero Kultur Elkartea egin zen kargu. Horren ondoren Eibarko eskolan margotzen zuen Federico Martinez aritu zen sariketa antolatzen eta adin batera ailegau zenean Haitz Haundi elkarteak hartu zuen lehiaketa antolatzeko ardura. Orain dela urte batzuetatik Haitz Haundi, Udala eta Cardenas Fundazioa dira sariketaren antolatzaileak.

Zer dauka Debako kaleko margo lehiaketak horrenbeste urte bizirik eta osasuntsu irauteko?

-Ez dakit baina gure herrian beti egon dira pertsonai batzuk artistikoki oso aktiboak izan direnak. Gainera, Arte Eskola izan dugu hemen eta herrian giro artistikoa izanda ba... erraz antolatzen da sariketa.

Nolakoa izan da margo lehiaketaren bilakaera?

-Esan daiteke urteak aurrera joan ahala asko hobetu dela lehiaketa, bai lanen mailari baita antolakuntzari dagokionez. Gainera, Cardenas Fundazioa antolakuntzan sartu zenetik sari gehiago ematen ditugu; horietako bat 21 urtez azpikoen artean egindako obra onenarentzat. Horrek erakargarriagoa egiten du lehiaketa, gazte gehiago animatzen dira parte hartzera eta sariketaren egunean giro artistiko bat sortzen da herrian.

Lehiaketaren 50. urteurrena dela eta, erakusketa berezia prestatu duzue udaletxean....

-Hala da, bai. Aurreko ediziotan sarituak izan ziren 30 lanekin osatuta dago eta hilaren 15era arte egongo da ikusgai. Ezin izan ditugu obra gehiago jarri horretarako leku fisikorik ez zegoelako. Edonola ere, asteartetik igandera bitartean erakusketa 18.30etik 20.30era dago irekita eta larunbat eta igandetan 12.00etatik 14.00etara ere.

Hala ere, hori ez da aurtengo sariketaren bueltan izango den nobedade bakarra...

-Ez. Urteurrena borobila dela eta, aurtengo lehiaketaren diru-sariak potoloagoak izango dira. Aspaldi aldatu gabe zeuden kopuruak eta aurten horiek aldatzeko une egokia zela pentsatu dugu. Zazpi sari izango dira eta guztira 3.000 eurotik gora banatuko ditugu lehiaketara aurkeztutako lan onenen artean. Irabazleak 800 euro eramango ditu etxera, bigarren sailkatuak 500 euro eta hirugarrenak 350 euro.

Zer nolako osasuna dauka Debako kaleko margo lehiaketak?

-Oso ona esango nuke. Urtero Euskal Herri osoko eta Estatuko hainbat lekuetako jendea etortzen da parte hartzera eta horretaz aparte herrian badaude margotzeko afizioa duten eta antolakuntzan laguntzeko prest dauden gazte ugari. Beraz, lehiaketaren etorkizuna bermatuta dagoela esango nuke.

Kaleko margo lehiaketaren 50. edizio hilaren 14an ospatuko da. Zer esango zenieke zaletuei?

-Parte hartzera animatzeko. Eguraldiak laguntzen badu egun horretan oso giro artistiko polita sortzen da herrian eta sariketa amaitzerakoan parte-hartzaile guztiek Ozio-Bide elkartean bazkaltzeko aukera izaten dute. Manolo Pascualek marmitako ederra prestatzen du urtero elkartean eta oso giro ona izaten da bazkari horren bueltan.

Gipuzkoako txokorik maiteena Urbia ingurua izugarri gustatzen zait. Uste dut eremu hori enblematikoa dela gipuzkoarrentzat.

Paisaia bat Debako Santa Katalinatik dauden bistak, inolako zalantzarik gabe.

Festa edo ospakizun bat Debako San Roke jaiak eta Donostiako estropadak.

Mendi bat Izarraitz mendilerroa eta Erlo bereziki. Azkoitian bizi izan nintzen eta garai hartan askotan joaten ginen Erlo aldera.

Hondartza bat Debarra izanda ba... Debakoa, noski.

G

ipuzkoatzen