Musika eta elkartasuna bat eginik, Oroimenean ikus-entzunezko ikuskizunak Oñatiko Zubikoa kiroldegiko pilotalekua hartuko du hilaren 21ean. Ganbara Faktoriak ekoiztutako proiektuak atzo hiru urteko ibilbidea bete zuen Hots abesbatzaren gidaritzapean. Musika korala/instrumentala, poesia eta dantza oholtza gainean uztartzeaz gain, alzheimer gaitza bistaratu eta gizartea kontzientziatzea helburu du ekimen honek.

“Asmo handiko produkzioa da, oso berezia”, azpimarratu zuen atzo Hots abesbatzako lehendakari den Edurne Usandizagak. 45 kantari (guztiak emakumeak, gizon bat izan ezik) egongo dira agertokian, hamahiru musikariz osatutako ganbera orkestra eta Manex Alberdi dantzaria lagun dituztelarik.

Narratzaileak ere presentzia nabarmena izango du, bere hitzekin bizia emango baitio alzheimer gaitzak jota dagoen pertsona bati. “Berak badaki bere bizitzako momenturen batean, berandu baino lehen, gaixotasunak bere oroitzapen guztiak ezabatuko dizkiola, horregatik Oroimenean izeneko testu bat idatziko du oroitzapen guzti horiek hitzez janzteko. Idatzitako dena kontzertuan errezitatzen joango da”, azaldu zuen Hots abesba-tzako eta egitasmo honen zuzendari den Aitor Bianek.

Beraz, hamalau kanta abestuko dituzte, narratzailearen haria osatuko dutenak. Azken honetaz Andoni Salamero poeta arduratuko da; izan ere, bera ikuskizuna gidatuko duen testuaren egilea da. Gainera, Junkal Guerrero konposatzaileak lan honetarako propio sortu dituen Taupaka eta Etxean piezak entzungo dira. Dekoratuak eta argiztapenak ere protagonismo berezia izango dute.

bestelako ekitaldiak eta diskoa Endekapenezko gaixotasunen kon-tzientziazioa sendotu, gaixotasuna ikustarazi eta berau sufritzen duten pertsonei eta senideei lagundu, gaitz honen inguruan oraindik dagoen estigmarekin amaitu eta duintasunez eta ahalik eta bizi kalitate onenarekin aurre egin ahal izateko lana egitea du xede Oroimenean egitasmoak.

Hitzordua datorren 21ean izango da (22.00etan), alzheimer eta Endekapenezko gaixotasunen mundu mailako egunean, hain zuzen. Baina aurretik, beste ekitaldi batzuk jarriko dira martxan. Alde batetik, eta alzheimerra eta beste dementzia duten pertsonen senide eta lagunak biltzen dituen Afagi Elkartearen eskutik, hitzaldia eskainiko dute kultur etxean hilaren 18an (18.30). Bestalde, ikuskizunaren leitmotiv-a diren argazki markoak eta gaixotasunari buruzko mezu desberdinak ere ikusi ahal izango dira hainbat dendetan, sentsibilizazio hori bultzatu nahian.

Halaber, egindako lanaren emaitza saio bakar batera mugatu barik, disko batean jasoko dute. Azaro aldera grabatuko du Hots abesbatzak proiektu honi ginga jarriz.

ikerketarako dirua sarreren bidez Sarrerei dagokienez, gaurtik aurrera egongo dira salgai ohiko tokietan: oñati.eus webgunean, Foruen enparantzan dagoen txarteldegi digitalean eta Txokolateixan. Hamabi eurotan eskuratu ahal izango dira (zortzi euro 12 urtetik beherakoentzat), eta salmentarekin lortutako diru kopuru bat alzheimerraren eta endekapenezko gaitzen ikerketara bideratuko da.

Ekarpen ekonomikoa egiteko ere aukera dago zero lerroaren bidez. Informazio guzti hori salmentarako espazioetan egongo da eskuragai.