Azpeitia - Soreasu antzokiak Azpeitia Herri Hezitzailea egitasmoaren baitan antolatutako beste ekimen bat hartuko du hilaren 14an: Eskola kirola Herri Hezitzailearen ikuspegitik izeneko jardunaldia, hain zuzen ere.

Jardunaldia irekia eta doanekoa izango da eta parte hartzeko ez dago aurrez izena eman beharrik. Hori bai, zaintza zerbitzua egongo da jardunaldia irauten duen bitartean (10.00etatik 13.00etara arte luzatuko da) eta zerbitzu horren beharra izango dutenek herrihezitzaile@azpeitia.eus helbidera idatz dezakete eskaera egin edota informazio gehiago eskuratzeko.

Edonola ere, hilaren 14rako antolatutako jardunaldiarekin, “Eskola Kirolak herriko ikastetxeen, Udalaren eta gurasoen arteko elkarlanarekin haurren garapenean izan dezakeen garrantzia azpimarratu nahi da”.

Horregatik, gaian sakontzeko hainbat adituren testigantzak eta esperientziak entzuteko aukera izango da Soreasun.

Bertan, Udaleko ordezkariak, herriko hiru ikastetxeetako zuzendariak, Azpeitia Herri Hezitzaileko talde eragileko kideak, Kirol Kontseiluko ordezkariak, Alex Astigarraga Eskola Kirolean hainbat urtez Gipuzkoako Foru Aldundiarentzako lanean aritu den profesionala eta Uxua Gainza psikomotrizitatean aditua arituko dira hizlari lanetan.

Antolatzaileek herritarrak animatu nahi dituzte parte hartzera.