elizondo - Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko liburutegiek haur eta gazteei kultura aniztasunaren aberastasuna erakusteko helburuz, hainbat tailer eginen dituzte Nafarroako liburutegi desberdinetan.Ekimena Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zerbitzuak eta Kultura eta Kirol Departamentuko Liburutegien Zerbi-tzuak antolatu dute, eta Nafarroa osoko 38 liburutegik bat egin dute, tartean, Baztango Liburutegiak.

Tailerren aurkezpenean Ana Ollo kontseilariak errandakoaren arabera, saio hauen bitartez, “batik bat nabarmendu nahi dugu garrantzitsua dela gure gizartean gaur bizi dugun kultur aniztasuna dimentsio guztietan balioestea”. Nafarroan, “gero eta identitate eta dibertsitate gehiago daude, eta hori erronka bat da elkarrekin bizitzeko, baina baita aberastasun potentziala ere, gizakiaren hazkundearen aukera berrietatik erreparatuta”.

Baztango Liburutegian bi hitzordu izanen dira, biak euskaraz eta dohainik. Urriaren 16an, Petersen Mapa deritzona eta urriaren 23an, 1,2,3... UBUNTU! izenekoa.

PETERSEN MAPA Lehen Hezkuntzako eta DBH 1. eta 2. mailako ikasleei zuzenduta dago eta urriaren 16an, 17.30etik 19.30era burutuko da. Guttienez 10 eta gehienez 25 lagun onartuko dira. Mundu mapa erraldioi baten aitzinean haurrek munduan gertatzen ari diren gatazkak ezagutuko dituzte, haien zergatia, ondorioak, edota bertze haurrek bizi dituzten errealitateak ikusiz. Bukatzeko, mugarik gabeko mundu bat irudikatzeko ariketa bat eginen dute.

1,2,3... ¡UBUNTU! 5 eta 9 urte bitarteko haurrei zuzenduta, urriaren 23an burutuko da, 17.00etan. Ordu beteko tailerrak giza eskubideak eta aniztasuna lantzeko helburua du. Bi zatitan banatua: lehenengoan, giza, familia eta kultur aniztasuna jorratzen duten ipuinak kontatuko dituzte eta bigarrenean, hiru dimentsioko panpina bat eginen dute parte hartzaileek. Taldeka gorputz atal desberdinak eginen dituzte, bukaeran gorputz atal guztiak elkartuz. Bakoitzak bere erara jantzi ahalko du sortutako panpina, material ezberdinak erabiliz. Era horretara panpina ezberdina, berezia eta anitza izanen da, pertsona oro garen bezalakoak. Bukatzeko, liburutegian toki bat aurkitu beharko diote Ubuntu panpinari.