elizondo - Baztango Lasterkari Taldeak antolatuta, Elizondon, Baztango XI. San Silbestre lasterketa burutu zen urte zahar arratsaldean, 300 lasterkari baino gehiagoren parte hartzearekin. Lehenbizi 3, 4, 5 eta 6 urteko txikiak aritu ziren, 48 lasterkari guztira. Ondotik 7, 8 eta 9 urtekoak, denetara 39 haur. Eta azkenik, 10, 11, 12 urteko 70 neska-mutiko guztira. Denek jaso zuten opari bana lasterketa ez lehiakorra bukatutakoan.

Gero handien txanda ailegatu zen, 3 itzuli eman behar izan zizkioten prestaturiko ibilbideari, guztira 4.000 metro osatu zituzten 161 parte hartzaileek. Emakumezkoetan azkarrena Alaitz Nuñez izan zen, 15.14ko denborarekin; bigarren Estitxu Arraztoa sailkatu zen (17.05); eta Uxoa Bertizek ostu zuen podiuma (18.02). Gizonezkoetan lehia estuagoa izan zen eta azkenean Alberto Barberena gailendu zen 12.35eko denborarekin; Unai Plaza izan zen bigarrena segundu bakarrera, eta bi segundura, hirugarren, Unai Barazabal.Parte hartzaileen artean hainbat opari zozketatu ziren, Tuku-tuku txarangak alaitutako arratsalde ederra borobilduz. - F.A.G.