elizondo - Astelehenean abiatuko da Baztanen aurtengo (H)ilbeltza, Euskal Nobela Beltzaren Astea. 6. edizioa beteko duen honek, urtero bezala, literatura beltza oinarri hartuta, ilbeltzaren 20tik 26ra bitartean egitarau zabala eskainiko du. Dena den, hurrengo asteko egitarau oparoarekin bat, pasa den astelehenetik dagoeneko goza daiteke Begoña Durruty ilustra-tzaile arizkundarrak egindako Bereterretxeren kanthoria erakusketarekin. Arizkunenean egonen da ikusgai ilbeltzaren 26ra arte, egunero 17.00etatik 20.00ak arte, ilbeltzaren 20,22 eta 24an 16.00etatik 19.00ak arte eta ilbeltzaren 25ean 10.00etatik 11.00ak arte.

Astelehen ilunabarrean zabaldu zuen erakusketa, merendu batez hornitutako aurkezpen interesgarri batekin. Begoña Durrutyk erakusketaren nondik norakoak azaldu zizkien bertaratutakoei. Erakusketa orain egin badu ere, egitasmoaren jatorria Mikel Laboa Katedran du Durrutyren lanak.Azaldu zuenez, erakusketa bat egin nahi izan zuten kanta zaharrak bideo bilakatuta, eta Durrutyri Bereterretxeren kanthoria kanta egokitu zitzaion. Kantua bera aztertuz eta bere inguruan dokumentatuz hasi zuen lana eta bertsoek ziotena literalki marraztea erabaki zuen, izan ere, bertsoek diotenaren gain interpretazio desberdinak egin daitezke eta hala egina dute dagoeneko hainbat iker-tzailek. "Kontatzen dena drama bat da, drama unibertsala, narrazio laburra, bi lerrotan erraten ahal daena: etxerat etortzen dira, semea bortxaz eramaten dute, eta ama Marisantzek pasatzen du gau osoa semearen bila basoan barrena", hala laburbildu zuen Durrutyk. XV. mendean gertatuagatik, gertakizun garaikidea da, Durrutyren hitzetan. "Adibidez, ni lana egiten ari nintzenean gertatu zen Altsasuko gazteen afera, gauza bera da funtsean". Ama Marisan-tzekin enpatizatu zuen Begoñak, eta bere azalean sentitu zuen emakume haren estutasun eta ezinegona, horixe bera izan zen bere lanean irudikatu nahi izan zuena, emakume haren larritasuna eta bilaketa.

Kartoi-harria hautatu zuen irudiak egiteko, horiekin osatu zuen 2016an Bereterretxeren kanthoria bideo-animazioa, Mikel Laboa Katedrak eskatuta eta hori ere ikusgai dago Arizkuneneko erakusketan. Ondotik, 2017an lan bera oinarri hartuta komiki liburu bat argitaratu zuen Durrutyk Denon artean argitaletxearekin, Bereterretxeren kanthoria izen bera erabilita. "Nire liburu beltz iluna", halaxe deitzen dio Begoñak komiki liburu horri, zeinean beltza, xuria eta gorria diren erabilitako koloreak. Horiek berak ageri dira Arizkuenenean ikusgai dagoen erakusketan. Istorio beltza Euskal Nobela Beltzaren Astearekin bat egiten duena.

(H)ILBELTZA BEKA Ilbeltzeko belztasunean, Baztango Udalak, (H)ilbeltza elkarteak eta Txalaparta argitaletxeak elkarlanean euskal literatura beltza hedatu eta munduko literatura beltza euskaratzeko 2020ko (H)ilbeltza bekaren deialdia zabaldu berri dute.

Aurtengoa laugarren aldia izanen du (H)ilbeltza bekak, eta sorkuntza eta itzulpena txandaka sustatzen duen lehiaketak itzulpena izanen du aurtengo xedea. Beka irabazteko hautagaiek Massimo Carlotto idazle italiarraren Arrivederci amore, ciao eleberriaren lagin bat aurkeztu beharko dute 2020ko martxoaren 6a baino lehen Baztango Udaleko erregistroan eta ekainaren 5ean jakinen da bekaren irabazlearen izena. Beka 6.000 eurokoa izanen da eta bi zatitan emanen da, lehenbizikoa sari banaketa ekitaldian, eta bigarrena, urte bateko epean, Massimo Carlottoren eleberria bere osotasunean euskarara itzulitakoan.