elizondo - 2015eko otsailean izandako erauntsiek hainbat hondamen egin zituzten Baztanen, tartean Beartzungo Urruxka alderat doan bidean. Horrela Susteaga errekari jarraikiz 35 metro luzeko harri-lubeta edo eskollera egin du Baztango Udalak, erreka aldeko ezponda mantendu ahal izateko. Harri-lubetak 5 metroko altuera du eta 2 metroko zabalera. Horrez gain, bidea ere zolaberritu du Udalak.

Lan guztien aurrekontua 66.294,80 eurokoa izan da, proiektuaren idazketa, zuzendaritza eta egikaritzea kontuan hartuz. Idazketa eta zuzendaritza lanak LKSek egin ditu eta lanen egikaritzea, berriz, Javier Altzugarairen esku egon da.

Bertzalde, erauntsi berek Aritzakun aldeko Sumutsua alderdian lurmendia eragin zuten. Horko bidea moldatzeko proiektua idatzia dago eta lanak esleituak, baina arrainak erruteko sasoia denez, ereiaroa arte lanak ezin izanen dira hasi. Sumutsuko lanak 334.854 euroko aurrekontua izanen du. Lan horiek egiteko Baztango Udalako Toki Inbertsio Planeko laguntza jasoko du.