- Covid-19 birusak eragindako egoeraren ondorioz, aurten ez da Baztandarren Biltzarra eguna ospatuko. Hala jakinarazi du elkarteak ohar baten bidez, Duela aste batzuk, alarma egoera ezarri ondotik elkarteko kideek bilera bat egin zuten, egoera baloratzeko, eta orduan, besta ospatzeko asmoz lanean jarraitzen zutela jakinarazi zuten, nahiz eta, aitzinago osasun krisiaren eboluzioa aztertzekotan gelditu ziren, besta ospatzerik izanen zen edo ez baloratzeko. Azken asteetan lanean aritu dira elkarteko batzorde desberdinak, baina, azken asteko gertakariak aztertu ondotik eta uztailaren 19an, berez besta ospatu beharreko datan, Baztandarren Biltzarra ospatzeko baldintzak ez direnez beteko, elkarteak aurtengo besta bertan beheiti uztea deliberatu du.

"Ez da erraz hartutako erabakia izan, baina, egungo egoera ikusirik ezinezkotzat jo dugu egun honen antolaketa". Penaz, noski, baina azken aste hauetan baztandar auni-tzen buruan zegoen hipotesia, hau da, aurtengoa bertan beheiti geldi-tzea, baieztatu da.

Baztandarren Biltzarra elkarteak, dena den, aitzinera begiratu nahi du, eta etorkizunera begira, elkartea indartzeko aukera gisa baliatu nahi du "hausnarketa urte gisa planteatu dugu, izan ere, elkartea ez da une goxoak bizitzen ari. Lantaldean jende gutxi izanik, lan karga handiak bizi ditugu. Hori horrela, lan-sare bat sortzen ari gara boluntarioak biltzeko". Elkartearen barne egitura indartzeko ekimenak datorren urtera arte jarraituko, eta honekin "baztandar guztien prestutasuna" ikusi nahi du elkarteak, "2021eko Baztandarren Biltzarra eguneko antolaketan ezinbertzekoa izanen da". Lantaldea indartzeko ekimenaren berri ondoko egunetan emanen duela iragarri du elkarteak.

Baztandarren Biltzarra egunaren ospakizuna gibelatzea ezinezkoa dela ondorioztatu ondoren, urte bukaeran seinaleren bat egiteko ideia mahai gainean izan du elkarteak, baina momentuz ez du deus ere erabaki, "aurrerago etorriko dira etorri beharreko albisteak".

Baztandarren Biltzarra elkarteak, bertzalde, "urtez urte besta honen antolaketan gure ondoan izan ditugun sukaldari, zerbitzari, musikari, teknikari, dantzari, artisau, herritar, garbitzaile, komertzio, laguntzaile eta bidean atzendu ditugun lagun guztiei" eskerrik beroenak eman nahi izan dizkie, "zuek gabe besta honek ez luke duen distirarik izanen". Eta 2020koa ezinezkoa izanen bada ere, "2021eko Baztandarren Biltzarra ahaztezina" izanen dela iragarri du Baztandarren Biltzarra elkarteak.

Aspaldiko partez, honenbertzez, aurten ez da Baztango herri guztietako herritarrak biltzen dituen elkartze bestarik ospatuko, ez dira herriz herri prestaturiko orgak ikusiko, dantzariak, musikariak, bazkari herrikoia, dantzaldia€hutsune handia suposatuko du bertakoendako eta baita Elizondora hurbiltzen ziren milaka bisitariendako ere. Ez da Baztandarren Biltzarra eguna ospatu gabe gelditzen den lehenbiziko aldia, halere. 1963. Urtean ospatu zen lehen aldiz, eta geroztik 50 urte baino gehiago iragan direnean, hainbatetan ez da bestarik ospatu, Errate baterako, hasierako urteetan, 1966, 1972, 1975ean, ez zen bestarik ospatu,

1981eko informaziorik ez dago. Geroztik ia-ia urtero ospatu da Baztandarren Biltzarra, 1997an izan ezik. Urte hori izan zen Baztandarren Biltzarra ospatu gabe gelditu zen azken urtea, aurtengoa kenduz, baina arrazoi desberdin bat tarteko. Orduko hartan, besta antolatzeko jende nahikorik ez zegoela eta, elkarteak hausnarketa sakona egin zuen eta besta ez ospatzea erabaki.