- Elizondon ere ez da aurten urteroko Santio bestarik izanen, ez bederen ohituratuta gauden bezala. Herriko alkate eta kargodunak, besta batzordearekin elkartu ondotik hartu du erabakia, osasun krisiak eragindako egoerak ez baititu bestak osasun segurtasun verme guztiekin normaltasunez, ospatzea ahalbidetzen.

Besta batzordetik adierazi dutenez, erabaki zaila izan da, baina hartu beharrekoa. Oraindik urrun ikusten da uztailaren 24a, Santio bezpera, baina lehenagotik zirt edo zart egin behar zen, kontratazioekin eta bestetako gainerako antolakuntzarekin zer egin erabaki behar baitzen.

Koronabirusaren bilakaeraren zain geldituko dira, dena den, eta ez dute baztertzen Santio bestetan besta seinaleren bat egitea, nahiz eta oraindik goizegi den ezer aitzinatzeko.

Elizondoko bestak ez dira koronabirusaren eraginez bertan beheiti gelditzen diren lehenbizikoak, eta seguraski ere ezta azkenak ere. Irurita eta Urdazubiko Salbatore bestak izan ziren lehenak, heldu den astean burutzekoak ziren, baina ez dira eginen, nahiz eta besta seinaleren bat espero den. Berroetako Mendekoste bestarik ere ez da eginen aurten, herritarrek halabeharrez hala erabakita. Arizkundarrek ere berriki iragarri dute San Juan bestak ez direla ohi bezala ospatuko, eta azken egunetan Almandoz eta Erratzun ere bertan beheiti utzi behar izan dituzte bestak. Almandozen, Bestaberri bestak ekainaren 10etik 14ra ospatu behar zituzten, baina osasu krisiaren eraginez ez dute bestarik ospatuko, eta Erratzun ere, kasu honetan ekaina bukaeran, San Pedro bestak ez dituzte urtero bezala ospatuko.

Halere, herri guztietan adierazi dute ohiko bestarik izanen ez bada ere, seinaleren bat izanen dela eta aitzinago, ahal bada, ospakizun bereziren bat eginen dutenaren itxaropena dute.