alestarren ikastetxea lurreraturik dago ia bere osoan. Dorrea izan da erortzen azkena, atzapar gisako pikotx handi baten ekinaldiaren ondorioz. Atzapar horrek berak, ortziralean, ate nagusiaren gaineko gurutzea bota zuen; kostata, ez pentsa. Nork erranen zuen, 1926an ezarri zutenean. Aurretik, Don Bosco tabernaren txanda izan zen, zabaldu zutenetik bukaeraraino tabernariz aldatu ez zuena. Ondotik, ekitaldi aretoa bota zuten. Pentsatzen dut pikotxa iritsi baino lehen, Don Boscoren irudi erraldoi hura aterako zutela, hots, agertokiaren ondoan zegoena, sekulan kentzen ez zutena, oholtza gainean edonolako ekitaldia eginik ere. Horrela, Don Boscok mezu sutsu ezkertiarrik ere en-tzun zuen, bere garaian. Haren begiradapean ere aritu zen, konparaziora, euskal kantari andana, urteen joan-etorrian, 60ko hamarkadaren bukaeratik aitzina: Xabier Lete, Lourdes Iriondo, Ordorika, Urdangarin€ Atzendu gabe erlijio-gizon italiarraren izena daramala Iruñerrian egiten den futbol txapelketa afizionatu nagusiak, Boscos trofeoa, alegia, 1957an ikastetxeko patio zabalean sortutakoak. Karrika baten izena ere eman zioten gizonari, Iturrama aldean. Bada, ikusteko modukoa da orain orubea, dena obra-hondarrez beterik. Zeinen arrotz egiten den egunotan inguru hori. Zer erranik ez ondoan bizi den jendeari. Ederki bertzelakotu da, eta are gehiago, etxe-orratz sail berria eraikitzen dutenean. Zabalgunean bertan, Maristen ikastetxearen ordez, etxeak eraikiko dituzte, egungo eraikina hein batean baliaturik (bertzeak bertze, "salon champagnat" zinema-areto ezagun hura), eta udaleko talde guztiek proiektuari aho batez oniritzia emanik (hori ere albiste da). Gehienez, zazpi solairuko eraikinak izanen dira. Salestarren orubekoak, aldiz, hamalaukoak, betiere gaitz berriarekin batera etorritako krisiak dena hankaz goratzen ez badu.