- Covid-19ak eragindako osasun larrialdiaren ondorioz, aldaketa handia izango du batetik bertzera bidaiatzeko eta atseden egunak antolatzeko moduak. Beraz, inoiz baino gehiago, gure bazterrak bertatik bertara ezagutzeko aukera izanen dugu hurrengo hilabeteotan. Horregatik, Baztango Udalak eta hainbat eragilek bat egin dute Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen (UEMA) Bertatik Bertara kanpainarekin, herritarrei eta bisitariei erakusteko udalerri euskaldunak zer-nolako altxorrak diren, bertatik bertara zenbat goza daitekeen nabarmenduz, bertako produktuekin, bertako kulturarekin eta bertako ekonomian oinarritutako garapenari helduta. Beti ere udalerri euskaldunen nortasuna egokien islatzen duena euskara dela ahaztu gabe.

"Gure bazterrak ezagutzera eta maitatzera gonbidatzen zaitugu, eta horrekin batera, baita horren bertakoa den eta horren bizirik dagoen hizkuntzaz gozatzera ere" dio denda, jatetxe, ostatu eta zerbitzu sektorerako kanpainaren honetarako prestatatutako karteletan eta mahai-gainekoetan ageri den testuak. Zehazki, horiek izango dira lehenbiziko hilabete hauetan kanpainaren erakusleiho nabarmenenak.

Baztango Udalak banatuko die material guztia bertako merkatariei, ostalariei eta zerbitzu sektoreko eragileei, herritarrengana eta bisitariengana heltzeko bitartekari ezin egokiagoak direlakoan. Horrekin batera helduko da udaren atarian hedabideetan eginen den komunikazio kanpaina ere, eta sektoreko arduradunei eta langileei trebatzeko online saioak eskainiko zaizkie.

Osasun larrialdiak eta konfinamenduak ekonomikoki zerbitzu sektorea gogor kolpatu duenez, hainbat udalek iragarri dituzte sektorea suspertzeko kanpainak eta dirulaguntzak. Udal aunitz, herriko komertzioak eta ekonomia hauspotzeko neurriak eta erosketa-bonuak bideratzen hasi dira, adibide baterako, Baztanen, Udalak Arras Baztan Fundazioari ekarpen egin dio, bertako ekonomia bulka-tzeko asmoz, Piztu! bonoak kaleratzeko. UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanoren hi-tzetan, "Bertatik Bertara kanpaina horien guztien osagarri da. Udal gehienak egoera larria ahal den egokien bideratzeko egiten ari diren ahaleginaren erdian, garran-tzitsua da gainerako erakunde publikoek ere bidea hori dela nabarmentzea".

Hori guztia ikusarazi nahi du Bertatik Bertara kanpainak. Gure herriak, gure bazterrak, gure hizkuntza eta gure produktuak nabarmen-tzen ditu hasiera batean, baina horiei estuki lotuta, baita gure herrietako dendak, bertako elikagaiak, lehen sektorearen garrantzia, bertako kultura eta bertako hedabideak ere. UEMAko lehendakariaren hitzetan, "horiek guztiak dira gure herrien taupadak, eta ezinbestekoa da herritarrek eta zerbitzu sektoreak hori ulertzea, gero bisitariei ere erakusteko".

Kanpainaren lehen euskarriak udako lehen hilabeteetarako aurreikusi eta prestatu ditu UEMAk. Bertzeak bertze, jatetxe, taberna eta ostatuetan otorduren bat egiten duen edonork mahai gainean ikusi ahal izanen duen mantela, edota udal eraikinetan eta dendetan ikusgai egonen diren kartelak, jendea kontzientziatzeko.