- ADONA Nafarroako Odol-emaileen Elkartearen unitate ibiltaria Elizondon dago atzotik. Atzo arratsaldean odol-emaileek odola emateko aukera izan zuten eta gaur eta bihar, goizez, 9.00etatik 13.00etara ere izanen da horretarako aukera. Dena den, aitzinetik hitzordua eskatu behar da 848 42 05 73 telefonora deituz.

COVID-19aren eraginez, odola emateko hainbat neurri hartuko dira. Hasteko, bakarrik joan beharko da. Gainera, ezinbertzekoa izanen da odola emateko asmoa duenak osasuntsu egotea eta azken 28 egunetan koronabirusean positibo eman duen edo hala izateko susmoa duen norbaitekin egon bada, ezin izanen du odola eman. Azken 15 egunetan sukarra edo katarroaren sintomak izan dituztenek ere ezin izanen dute odola eman, ezta azken 30 egunetan espainiar estatuitik kanpo egon direnek ere (informazio gehiagorako 848 42 25 70ra dei daiteke). Baldintzak betez gero, odola ematerako orduan bereziki zainduko da garbitasuna eta eskuen higienea, baita maskararen erabilera ere. Azkenik, odola ematera joan baino lehen tenperatura neurtu beharko da eta 37 gradu edo gehiago izanez gero, ezin izanen da odola ematera joan.

Odola eman ondotik, 14 egunetan koronabirusaren sintomarik izanez gero, 848 42 25 70 telefonora deitu beharko da eta positibo eman dutenek ez dute aukerarik izanen sintomarik gabe guttienez 14 egun pasatu arte.