akinak lur azpian sartzen direnean, lurpekoak azaleratzen dira. Halaxe gertatu da Txantreako obretan, eta arratoiak lur gainera atera dira, Magdalena aldean begi-bistakoa denez. Antzera gertatu zen Alde Zaharrean, entibadora deitu makinak karrika aunitz alderik alde zulatu zituenean. Aspaldian, nonahi ikusten ziren, mutiko umemokoen entretenigarri, karabina hartu eta perdigoika hasten baitziren arratoien aurka. Arratoi ba-tzuek, ordea, arrunt kozkorrak izaki, bidean aitzina segitzen zuten, bizkar gainean perdigoia hartuta ere, estolda-zuloetan sartu baino lehen. Horregatik izaten ziren beti katu saldoak patio eta etxarteetan, auskalo nork elikatuak, sagu eta arratoiak akabatzeko. Beraz, Txantreako parke berriko obrek eragin dute arratoi oldea, noiz eta aspaldiko afera bat hamaikagarren aldiz azaleratu den astean, hots, nola moldatu Txantrearen eta erripa gaineko hiriaren arteko mugikortasuna. Gaiak baztertua zirudien, eta orain berriz ere eraman da mahai gainera, Esporrinek Bildu eta Geroa Bairen eskaerarekin bat egin izanaren ondorioz. Labriteko korridorea bideratzen hasteko proposamena da, bidegorria eta bus-bidea ezarrita. Horren kontura, erran du bera ere oposizioa dela eta oposizioko zinegotziei "aitortu" die (zurikeria ederrean) ez zuela aurrekonturik onartu nahi, behartu egin zutela. Ez, ordea, Nafarroako alderdiak, Madrilek baizik. Horregatik egin zuela tratua alkatearekin, Madrilek behartua. Labriteko aldapari dagokionez, gauza bat argitu behar da: zer egin jendeak ez dezan gurutzatu hiria autoz eta aldapa hori baliatuta, hau da, Antsoain, Arrotxapea eta Txantrea aldetik autoz ez joateko hiriaren hegoaldera eta alderantziz. Hori bideratzen ez den bitartean nekez emanen zaio taxuzko aterabidea Amaia karrikako arazo gai-tzari, gakoa hiriko mugikortasun ereduan baitatza.