Aniz eta euskara, bi hitzetan laburbil daiteke Maitane Maritorenak berriki argitaratu duen Aniz, 11 etxe, 11 labe, 22 zetabe, bat bertzearen behartu gabe liburua. Laburpen sinpleegia da, noski, 270 orrialde baino gehiago dituen liburu mardul eta sakon batendako, baina funtsean, hori da ageri dena. "ni zerbait banaiz, aniztarra eta euskalduna naiz, bat bertzearekin lotua" , hala dio Maritorenak, eta Aniz eta euskara binomioa elkartuta doazenez, argi izan zuen bere proiektua nola bideratuko zuen.

Duela gutxi argitaratu du Anizko herriak Maitanek egindako liburua, eta herritarrendako argitalpen bat egin ondotik, Baztango Udalak bigarren argitalpena bere gain hartu du, Baztango gainerako herritarrendako, eta baita jende gehiagorendako ere interesgarritzat jota. Liburu ederra onduagatik, Maritorenaren hasmentako asmoa ez zen hori. Argitalpen honen iturburua 2017an aurki dezakegu. 2016-2017 ikasturtean Euskal Kulturgintzaren Transmisioa izeneko graduondoko bat egin ondotik, proiektu bat egiteko erran zioten, eta hori kontuan hartuz, hamaika aukeren artean, bere herriaren historia biltzea eta horren transmisioa modu batera edo bertzera idatzirik uztea pentsatu zuen. Horretarako, etxetik beretik jasotakoa paperean biltzen hasi zen, "euskal kulturaren transmisioa etxetik beretik jaso baitut nik". Etxean hasi zen, baina herriko gainerako biztanleekin solasean, kontu desberdinak biltzen hasi zen, bere proiektuan biltzeko.

Finean, gaur egun Aniz dena ezagutzeko, iraganera jo zuen Maritorenak, herritarren bizipenak bilduz eta baita ordu aunitzetako dokumentazio lana eginez ere. Bide horretan, Alejandro Izkok egindako lana baliatu du gehienbat. Izkok argitaratu gabe duen lan batean idazki zaharrak eta artxiboko testuak ageri dira, eta horiek aztertu eta baliatu ditu. Gainera, Maite Lakarrek burututako Baztan solasena liburuan ageri diren Anizko lekukotasunak ere erabili ditu gaiaren araberako atal desberdinetan. Iraganeko idazki eta lekukotasunez gain, argazki aunitzek ontzen dute liburua, bai aspaldiko argazki zaharrek, zein garaikideekztiak

Biztanle guztiak

Baztanen, biztanle gutxien duen herria da Aniz, eta liburuan berean aniztar guztiak ageri dira, jaiotza dataren arabera ordenatuak. Zein etxetakoak diren ere ikas daiteke, izan ere, etxea da oraindik ere Anizen eta bertze hainbat herritan bakoitza nor den azaltzeko gakoa, eta liburuan ere etxeak garrantzia handia hartzen du. "Anizen, Euskal Herriko bertze hainbat lekutan bezala, etxea dena izan da. Bizitokia zen, baina baita lantokia ere, eta etxearekin batera, bere ondasunak eta bere horretan bizi ziren lagunak". Eta liburuan ere argi aski frogatua gelditzen den bezala, maiorazgoari esker etxeek bere horretan iraun dute mendez mende, gaur den egunera arte.

Liburuaren izenburua ere aski erranguratsua da: Aniz, 11 etxe, 11 labe, 22 zetabe, bat bertzearen behartu gabe. Berez, Anizi lotzen zaion erranairua da. Herri gehienek dituzte beren erranairuak, errate baterako, Gartzain, zapela bete gaztain; Erratzu, mile petatzu; Berroeta, han badire hainbertze idetze meta. Baztango herrien kasuan, denek ez bada gehienek, errima izaten dute ardatz, Anizen izan ezik. Kasu honetan erranairuak erranahia badu.

Historian zehar, liburuan nabarmentzen denez, Anizen 11 etxe izan dira denbora luzean. 1553. urteko erreferentzia da aurkitutako zaharrena, zeinean Anizen 11 biztanle zeuden ageri den. 1612an, 1646an eta baita 1678an ere 11 biztanle mantentzen ziren. Doike, biztanleak beharrean, etxeei egiten die erreferentzia erroldak, Anizen, 11 etxejabe zeudela adieraziz. Etxe bakoitzak bere labea zuen, gainera, eta bina zetabe, hortik eratorria dateke liburuari izenburua ematen dion erranairua, hau da, etxe bakoitza buruaskia zela. Idazki zaharretan 11 etxe horien erreferentzia egiten da mendez mende, eta tarteka vecinos eta habitantes terminoen bereizketa ere egiten da, bezinoak etxejabeak izaki eta habitanteak, berriz, herrian bizi bai, baina jabetzan etxerik ez zutenak zirelarik. XVIII. Mendetik aitzinera erroldan Anizen jende gehiago bizi zela agertzen hasten da, 11 etxeen kopurua alde batera utzita.

Informazio anitz

Etxeei buruzko nondik norako ugari ageri da liburuan, izenak, armarriak, egitura... baina etxeak alde batera utzita ere bertzelako informazio anitzaz goza daiteke, hala nola ohiturak, bestak, biztanlegoaren bilakaera, herriko alkate izan direnen datuak, bizimodua edota elikadura.

Gaur egun ere XVI. mendetik dokumentatutako 11 etxe horiek zutik segitzen dute eta haiek bisitatuz Anizen betiko historia ezagut daiteke, baina baita geroztik eraikitako etxeetan ere. Etxe guzti horietako bizilagunek egiten dute Aniz, egunez egun historia egiten jarraitzen dute, biztanle kopuruari dagokionean herri txikia izaki, baina egunerokotasunean erakusten duten gauza txiki aunitzi esker herri handia direla agerian utziz. Maitanek idatzitako liburuan Aniz herriaren iragana eta oraina hobeki ezagutzeko parada eskaintzen du, eta herria egiten dutenen izenek, hau da herriaren etorkizuna idatziko duten 73 lagunen izenek osatzen dute liburuaren kontrazala.