roposamen bat dabil plazan, Gayarre Antzokiak Iruñeko jendearen iruditerian zer-nolako lekua duen jakiteko. Argazki zaharretan ageri den bezala, eraikinak Gazteluko plazaren hegoaldea itxi zuen, luzaro, 90 bat urtean, hiria hantxe bukatzen zenean, Bigarren Zabalgunerik ez zegoenean, harresiek zut zirautenean. Azkenean, noizbait ere, Madrilek baimena eman zuen hegoaldeko harresia botatzeko, hiriak aspaldian eskatutakoari entzungor egin ondoren, jendea ito beharrean bizi baitzen, harresiek inguruz inguru hertsitako karrika meharretan. Jose Agerre Dormitaleriako euskal kazetariak ederki laburbildu zuen 1918an iruindarren sentimendua: "Jendeketa gaitza bildu zen Euskal Jai pelotatokian. Erran daike Iruña osoa atxikia zela eta mukuruz beterik zegola€ kartsuki eskatuz Iruñaren zabaltzea, behar beharra dugu ta. Beste iriei baimena eman zaie harresiak uzkailtzeko (botatzeko). Bizkitartean, Iruña gero eta itoago. Hala segitzekotan, Iruña gero eta gaizkiago biziko da ta hau ezin jasanezkoa da". Harresiak eraitsi ondoren eraman zuten eraikina egun dagoen lekura. Bada, Gayarre Antzokiak berak, Uharteko Zentro Garaikideak eta Labrit Ondareak plazaratutako proposamenari erantzunez, Gayarrek euskal printzak ekartzen dizkit gogora eta ez bakarrik izena abeslari euskaldun erronkariar ospetsuari zor diolako, izanari ere euskal kultura badariolako. Adibide gutxi batzuk ematearren, Bertsolari Txapelketaren finalak, 63an, 64an eta 66an, antzokia lepo. 88an, hantxe jantzi zuen Mixel Xalbadorrek txapela. Aurretik, Ez dok Amairuko kantarien emanaldiak taldean nahiz banaka, eta hantxe ere izan genuen aunitzek Etxahun Iruri koblakariaren berri, zuberotarra hil ondoren egin zitzaion omenaldian, 79an. Orain, irudilantegia.com izeneko webgunea jarri dute jendearen eskura, nahi duen orok Gayarreri buruzko lekukotasuna eman dezan.