Heldu den astelehenean,, Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatu eta aldarrikatuko da mundu osoan, baita gure eskualdean ere. Bai mugimendu feministak eta baita Baztango Udalak ere Martxoaren 8aren harira hainbat ekimen antolatu dituzte ondoko egunetarako.

Mugimendu feministak, Saretzetik aldarria, gora borroka feminista! leloa hautatu du aurtengo, eta bihar abiatuko da. Urdazubiko kultur etxean, 19.00etan, Ane filma ikusteko aukera izanen da. Eskualdeko ekitaldi nagusia igandean, martxoaren 7an izanen da, Sara eta Zugarramurdin. Saran bilduko dira 12.00etan, eta Inposizio, inkisizioaren gainetik, herri feminista bat gira goiburupean manifestazioa eginen dute, gero, autogestionatutako aperitifa izanen da. Arratsaldean, 16.00etan Zugarramurdiko karrikak zeharkatuko ditu Saretik aldarrikatzera izenburupeko kalejira feministak, eta jardunaldia borobiltzeko kontzertua emanen dute Madam Birrots eta talde sorpresa batek.

Biharamunean, Martxoaren 8an, Baztan mailako elkarretaratzea eginen da, 19.00etan, Elizondoko Foruen plazan Bakartze inposatuaren aitzinean, gora saretze feminista lelopean, eta Xaretako lau herrietan ere elkarretaratze bana eginen da.

Martxoaren 12an, Alazne Untxalo Erregerena, Irati Majuelo Itoiz eta Saioa Alkaiza Guallar bertsolariek, Maialen Belarra Eneterreaga gai-jartzaile dela, bertso saio feminista batekin borobilduko dute egitaraua. 19.00etan izanen da, Iruritako Gizarte Bilgunean.

Maskararen erabilera eta distantzia mantentzea nahi eta nahiezkoa dela gogora ekarri nahi izan dute antolakuntzatik.

BIZIKUME Martxoaren 8aren harira, Bizikumek ere hitzordu bat antolatu nahi izan du, eta emakumezko txirrindulariak elkartzeko zortzi elkargune antolatu ditu Nafarroan. Horien artean, bat Baztanen izanen da, Elizondon. Emakume txirrindulariak igandean, martxoaren 7an, 10.30ean elkartuko dira.

UDALA Baztango Udalak ere, Martxoaren 8a bere agendaren erdigunera eraman nahi izan du. Honela, pasa den asteko osoko bilkuran adierazpen instituzional bat onartu zuen aho batez, zeinean hainbat konpromiso hartu zituen Udalbatzak: batetik, bizitzaren jasangarritasuna politika publikoen erdigunean jartzea eta lehentasunezko lan-ildo gisa sartzea Udaleko agenda politikoan eta tokiko garapena sustatzen duten ekintzen diseinuan; bertzetik, bizitzaren jasangarritasuna ahalbidetzen duten eta nagusiki emakumeek egiten dituzten zaintza-lanak ikusaraztea eta balioestea; hala nola, familietan zaintza-lanen erantzukidetasuna sustatuz herritarrak sentsibilizatzea, banaketa justua eta bidezkoa lortzeko; eta azkenik, mugimendu feministak arlo honetan egindako ekarpenak eta lana aitortzea.

Hartutako konpromisoez gain, bertzelako ekintza batzuk ere finkatu ditu Udalak, berdintasun sailaren bidez, errate baterako, Nafarroako Gobernuko 2021eko Arte eta Kulturaren laguntzaz antolatuta, heldu den igandean, 19.00etan, Kamikaz kolektiboaren eta Ttak teatroren eskutik Matriuska, helduendako antzezlanaz gozatzeko aukera izanen da Iruritako Damaso Zabalza Gizarte Bilgunean, sarrera doan dela, 18.30etik aitzinera gonbidapenak hartu beharko dira.

Bertzalde, Baztango kultura eta berdintasun batzordeak Iruñeko Udalaren eta Nafar Ateneoaren laguntzaz, martxoaren 8tik 26ra bitartean Arizkunenea kultur etxeko lehenbiziko solairuan, astelehenetik ortziralera 17.30etik 21.00etara Hemen baditun 14 izeneko erakusketa ikusi ahal izanen da. XX. mendean alor desberdinetan euskararen sustapenaren eta normalizazioaren alde aritu diren emakumeei buruzko erakusketa da, irakaskuntzan eta ikerkuntzan, musikagintzan, kazetaritzan, idazkuntzan eta bertsolaritzan, zinemagintzan, administrazioan, merkataritzan edota hizkuntzaren beraren memoria eta testigantza iraunarazten, etxean nahiz plazan, egindako lanaren aitortza egin nahi zaie.