Aste honetan egindako ekaineko osoko bilkuran Baztango Udalak 2020ko kontuak itxi zituen, eta 620.000 euroko gerakina izan da diruzaintzan, gastu eta sarreren arteko diferentzia, alegia.

Diruzaintza gerakineko diru sailarekin hainbat inbertsio burutuko ditu Udalak, osoko bilkuran hala erabakita.

Diru sail handiena egoera txarrean dauden hainbat bide asfaltatzeko erabiliko da, zehazki, Gartzain, Erratzu, Oronoz, Azpilkueta, Irurita eta Arizkunen eginen diren asfaltatze lanetara 193.200 € bideratuko dira.

ARITZAKUN ETA URRITZATE Aritzakun eta Urritzateko baserrietako bideak konpontzeko diru sail bat onartu zuen ere osoko bilkurak. Baztango baserrietako bideetan gabezia historikoa dagoela nabarmena da. Horri buruz 2017. urtean Baztango Udalak memoria bat egin zuen bide onaren eskasian dauden baserriak zein ziren jakiteko, hobetu beharreko bideen tartea aztertzeko eta guzti horretarako beharko zen inbertsioa zehazteko.

Aipatu memoria, bertzeren artean, Nafarroako Gobernuarekin solastatzeko eta konpromisoak galde egiteko baliagarria izan da. Ildo honetan Baztango Udalaren gonbidapenari kasu eginez Bernardo Ziriza lurralde kohesioko kontseilariak Baztan bisitatu zuen, Aritzakun eta Urritzateko auzoko bide nagusiaren egoera ikusteko.

Baztango Udalaren memoriaren arabera Itzulegitik Bidegorrietara 9,831 kilometro bide egoera txarrean daude eta horiek hormigoiztatzeko 1.099,164,01 euro beharko lirateke. Modu berean Aritzakundik Mugako lepoan barna Ointxuluetara 7,763 kilometro daude hormigoiztatzeko, 867.949,36 euroko aurrekontuarekin;

Bisitaldiaren ondotik kontseilariak konpromisoa hartu zuen lehenbailehen neurriak hartzeko, Horrela, ekainaren 3ko Nafarroako Gobernuaren kontseiluak, Aritzakungo biderako 500.000 euroko diru laguntza izenduna emateko lege proiektua onartu zuen.

Kontseilariarekin solastaturik, Nafarroako Gobernuak emanen duen laguntzari gehitzeko Baztango Udalak 100.000 euroko ekarpena eginen du aurten, proiektua idatzi, zuzendu eta hormigoiztatzeko. Guztira 600.000 euro bideratuko dira, beraz.

LIXURA Lixura Baztan elkarte mugatua udal-kapital osoko merkataritza-sozietatea Baztango Udalaren entitate instrumental gisa deklaratzea ere onartu zuen Baztango Udalak, udal eraikinak garbitzeko zerbitzua emateko. Aldeko 8 bozkekin (EH Bildu, Baztango Ezkerra eta Geroa Bai), eta Navarra Sumaren 3 kontrako bozkekin.

Sortu berri den merkataritza sozietatea ondoko bortz urtetan Baztango eskola eta mediku kontsultategien garbiketaz arduratuko da, zehazki, Baztan Ikastola; Elizondo, Almandoz, Amaiur, Arizkun, Arraioz, Azpilkueta,Erratzu, Irurita, Oronoz-Mugaire eta Zigako eskolak; eta Amaiur, Arizkun, Erratzu, Irurita eta Oronoz-Mugaireko mediku kontsultategien garbiketa hartuko du bere gain Lixura Baztanek.

OSTATUETAKO TASAK Osoko bilkurako bertze puntu batean Baztango ostatuei terrazak izateagatik ordaintzen duten tasarik ez kobratzea ere erabaki zen.

Covidl9aren osasun ondorio larriaz gain ekonomikoak ere aipagarriak dira eta ostalaritzan ari direnak gogor jasaten ari dira egoera hau, herritar guztion osasuna lehenetsita hainbat mugarekin lanean ari baitira. Muga horiek arintzeko terrazen handitzea baimendu zuen udalak, eta urtea nola joan den ikusita, udal eskumenekoak diren tasen bidez laguntza ematen jarraitzea beharrezkotzat jo du Udalak, horregatik, 2021. urtean terraza izateagatik ostatuei tasarik ez kobratzea eta, horretarako, eremu publikoko eta denen ondareko lurzoru, lurgain eta lurpearen aprobetxamendu berezien tasak arautzen dituen ordenantza fískala aldatzea erabaki du Udalak, terraza paratzeari dagozkion zergak aurten alde batera utziz. Ostatuek tasa gisa mahai bakoitzeko 11,07€ eta aulki bakoitzeko 5,47 € ordaintzen dute.