Francisco Joaquin Iriarte adinekoen egoitza enpresa publikoarekin kudeatzeko urratsak ematen ari da Baztango Udala, enpresa publikoaren memoria teknikoa eta estatutuak behin betiko onarturik. Hala, enpresa publikoa egiteko memoria teknikoan heldu den bezala aipatu erakundeak 3.300 euroko kapital soziala izanen du.

Halaber, enpresa publikoa %100 udaletxearena izanen da. Hori bideratu ahal izateko, Zahar etxea kudeatuko duen enpresa publikoa 3.300 euroko kapital sozialaz hornitzeko udaletxearen aurrekontuetan dagokion aurrekontuen moldaketa onartu zuen Baztango Udaleko osoko bilkurak bere azken saioan, EH Bildu, Baztango Ezkerra eta Geroa Bairen 9 bozekin eta Navarra Sumaren kontrako 3rekin. Udaletxearen gerakinetik finantzatuko da.

Geroa Baik aurkeztutako bi mozio ere onartu zituen osoko bilkurak, aho batez.

OTSONDO ETA BEARTZUN Batetik, Baztango Udalak Lurralde Kohesio Sailari, Herri Lanen Atalari, Otsondoko lepotik Itzulegiko leporaino dagoen tartea, eta Elizondotík Beartzungo auzorainokoa Nafarroako Errepideen Plangintzan sar ditzala eskatu dio.

Azken urte honetan ikusi ahal izan dugu Aritzakun-Urritzate eta Beartzun auzoetako barrideak errepide eta pista zatiak hobetzeko eskaerak egiten ibili direla, hainbertze arrazoi dela eta. Aritzakun-Urritzate auzokoek alegatu dute tokiko eguraldiak berehala hondatu dituela bai Gorramenditik Itzulegira doan asfaltozko errepidea, bai Itzulegitik baserrietara doan pista ere. Beartzungo biztanleek, berriz, trafikoa eta arriskua handitu direla ikusi omen dute, basogintzako, turismoko eta aisialdiko bertze jarduera batzuen ondorioz, eta segurtasun neurriak eskatu dituzte zenbait tokitan bi norabideetan elkarri traba egin gabe gurutzatu ahal izateko. Baztango Udalak, Batzar Nagusiak eta Nafarroako Gobernuak aldian aldiko

konponketa txiki batzuk baizik ez dituzte egin. Baztango Geroa Baietik irtenbideak eskatu omen dizkiote dagokion departamentuari, baina horiek bideak direla erantzun omen diete, eta ez daudela bilduak urtero berrikusten den Nafarroako Errepideen Plangintzan eta, horregatik, ez dutela eskumenik kontu horretan.

Hori dela eta, mozioa aintzat hartuta, Baztango Udalak Lurralde Kohesio Sailari, Herri Lanen Atalari, errepideen planaren barnean sar ditzala eskatu dio. Otsondoko lepotik Itzulegiko leporaino dagoen tartea, eta Elizondotík Beartzungo auzorainokoa.

ORDOKI ETA BOZATE Bertzetik, Baztango Udalak Lurralde Kohesiorako Departamentuari, Obra Publikoen atalari baimena eskatuko dio Arizkungo Ordoki eta Bozate auzoetan abiadura motelgarriak edo sakonuneak jartzeko. Bozatetik pasatzean abiadurari buruzko argi seinaleak jarriko dira ere, eta beharrezkoa izanez gero, abiadura muga adierazten duten seinale zutak paratuko dira.

Arizkungo Ordoki eta Bozate auzoetako biztanleek urteak daramatzate kexuka, ibilgailuek abiadura handia hartzen baitute auzoetatik pasatzean. Azken urteotako trafikoaren goiti joateak egoera okertu badu ere,aurtengo udan Nafarroako Gobernuak areka zapalgarri bat egin duenez ibilgailuak abiadura handiagoan pasatzen omen dira bertatik, barride eta ibiltariak arriskuan jarriz.

Aldi berean, Lamiarritako biribilgunearen ondoan, hondakinak biltzeko edukiontzíen gunera eta Plaza Berriko zelaira pasatzeko erabiltzen zituzten bi zebrabide ere kendu dira.

Hortaz, Nafarroako Gobernuari baimena eskatuko zaio aipaturiko lanak egiteko, eta Udalak bere gain hartuko ditu hauek, baimena eskuratutakoan.

Bertzalde, 2022rako Nafarroako herri bakoitzeko jaiegun ofizialak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko izapideak betetzeko, 2022rako Baztango besta egun lokal gisa urriaren 28a, urriko feriako ostirala izatea erabaki zuen osoko bilkurak, aho batez.