Pasa den ortziralean ospatu zen urteko hirugarren Batzar Nagusia. Bertzelako puntuen artean, Juan Kruz Iriarte Mendi zinegotziak azken urtean Baztanen izandako sute eta erreketen balantzearen berri eman zuen. Jakinarazi zuenez, azken urte honetan bailaran denera 435 hektarea erre ziren. Horietatik, 95 hektarea kontrolatu gabeko suteei dagozkienak, nabarmentzekoak Abartanen, Izpegin, Urriskan, Ezpondan eta Artesiagan. Bertzalde, Baso-suteen prebentzio integraleko taldeak (EPRIF) 60 hektarea erre zituen, bertzeak bertze, Erdizen, Eskizen, Errekutsen, Ameztian eta Napoleonen bidean. Azkenik, partikularrek aitzinetik baimena eskatuta egindako erreketen bidez bertze 280 hektarea erre ziren. 

Iriartek nabarmendu zuen aurten goiti egin duela baimena eskatuta kontrolpean egindako erreketa kopuruk, eta era berean, kontrolik gabeko sute kopurua ere jaitsi egin dela, nahiz eta oraindik aunitz diren suteek erretako hektareak. 

Bertze behin ere baimenak eskatzearen beharra nabarmendu zuen zinegotziak, jendea kontzientziatu beharraz, izan ere kontrolik gabe piztutako suteek kalte handiak eragin ditzakete, gibelera bota ezinezkoak suerta daitezkeen kalte material zein pertsonalak.  

EGUR LOTEAK Batzarrean ere Baztango Udalak egur loteak eskatzeko epea ireki duela jakinarazi zen. Aurten ere bi aukera eskainiko ditu Udalak. Batetik, norberak bere egur lotea menditik atera eta etxera eramatea, eta bertzetik, egur lotea etxera eramatea. Bata zein bertzea aukeratu, egur lotea eskatzeko epea abuztuaren 31ra arte egonen da zabalik. 12 metro kubikoko loteak banatuko dira eta horren truke 12 euro ordaindu beharko dira. 

Bigarren aukera ere bada. Enpresa bat arduratzen da lan horietaz eta egur lotea atera eta etxera eramateaz. Kasu honetan, interesatuek 500 euro inguru ordaindu beharko dituzte. Beti ere prezioan pixka bat alda daiteke, zerbitzu hau esleitzeko orduan izanen den prezioaren arabera. 

ORDENANTZAK Azken urteetan Baztango Batzar Nagusia bailarako ordenantza berriak egiten aritu da. Bilera eta eztabaida luze eta sakonen ondotik, duela hilabete batzuk ordenantza berriei oniritzia eman zien Batzar Nagusiak, eta hasiera batean uztaileko Batzar Nagusiaren biharamunean sartu behar ziren indarrean. Dena den, Joseba Otondo Batzar Nagusiko Lehendakariak ortziraleko saioan azaldu zuenez, onartutako ordenantzen dokumentazioa Nafarroako Gobernura helarazi zuten honek oniritzia emateko, eta Exekutiboak oraindik ez du dokumentazioa aztertu eta onartzeko betarik izan. Hortaz, tramite horren zain, ordenantza berriak urteko 4. Batzar Nagusiaren biharamunean indarrean sartzea proposatu zuen. Batzarkideek aho batez onartu zuten eskaera. 

ERDIZ Erdizko bazkalekua ere hizpide izan zen Batzar Nagusian. Hainbat batzarkidek eskaera bat sartu zuten Magnesitas Navarrasek bertan egin asmo duen meategiaren inguruan eta Batzar Nagusiaren eskariz Baztango Udalak eskatutako herri galdeketaren harira. Herri galdeketaren inguruan, baztandarrek behar bezalako informazioa izan dezaten bermatzeko, txosten tekniko independente baten beharra ikusita, Baztango udalak txosten tekniko hori egitea bere gain hartzea eskatu zuten. Horretarako, diziplina ezberdinetan aditua den jendeak parte hartu beharko lukeela azaldu zuten eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleez osaturiko EKOPOL taldea proposatu zuten.

Puntu honetan, Espainiako Gobernuak galdeketa egiteko baimena ukatu zuela aipatu zuen Otondok, dena den, Erdizi buruzko informazio independenteak herritarrendako onura ekarriko lukeela iritzita, Batzar nagusiak, gehiengo osoz txostena enkargatzea onartu zuen. Batzarkideen artean ez zen inor ekimenaren kontra agertu eta aldeko 21 bozekin eta 4 abstentziorekin onartu zen.