Urte batzuk pasatu dira Baztango Udalak Autokide izeneko plataforma abiatu zuela, autoa partekatu ahal izateko zerbitzu telematikoa. Udalaren webgune berrituan Autokide zerbitzua nabarmendurik ageri da eta erabiltzeko aiseago, gainera (http://autokidebaztan.compartir.org/) . Plataforma honek autoan egiten diren joan-etorriak elkarrekin egiteko balio du; eta autoen jabeak eta bidaiariak gurutzatzen ditu.

Lanera, unibertsitatera, bidaia bat egitera… edo bertze zerbaitetara joaterakoan erabilgarria da zerbitzua.

Zerbitzu hau erabili ahal izateko bertan erregistratu behar da eta, horrela, norberak egin nahi duen bidaiaren idurikoa egiteko izena eman duten pertsonak ikusiko ditu plataforman. Posta elektronikoaren bidez jarri ahalko da haiekin harremanetan. Haien lehentasunak zein diren, autorik duten ala ez, bidaiaren arrazoia zein den eta bertze hainbat datu ikusi ahalko dira autokideak errazago topatu ahal izateko. Mezu elektroniko bat utzi ahalko zaio ustez bidaia bera partekatzeko egokiak diren pertsonei. Hori guztia berehala eta bitartekaririk gabe.

Horrela, baztandarrei zerbitzu hau eskaintzerakoan, joan-etorrietan bertze aukera bat ematen zaie, iraunkortasuneko neurriak kontuan izanez mugigarritasunean. Era berean ibilgailu pribatuek sortutako energiaren kontsumoa eta kutsadura gutxitzea dakar eta eremu publikoaren erabilera hobetzea

Bertzalde, kontuan hartu behar da azkeneko hilabeteetan erregaiaren prezioa igo dela.

Hil arte bizi

Baztango Udalak herritarrek heriotzaren aurrean dituzten eskubideak ezagutu eta baliabideak eskuratzen laguntzeko helburuarekin Hil arte bizi. Heriotzaren aurrean, gure era izeneko tailerra antolatu du. Egungo gizartean heriotzaren gaia naturalizatu eta gai honen inguruan herritarrak ahalduntzeko asmoz antolatu du Udalak urria eta azaroan Elizondon eginen den egitasmoa. Honen sortzailea eta tailerren bideratzailea Nere Erkiaga da, tanatologian, parte hartze dinamiketan eta kultur transmisioan aditua.

Tailerrek heriotzaren aitzinean herritarrek dituzten eskubideak ezagutzera eman, gogoeta bultzatu eta hartu ditzaketen eta hartzea komeni diren erabakiak hartzen lagun nahi dute, 8 tailerretako prozesu baten bidez. Modu errazean landuko dira gai guztiak.

Hil arte bizi zergatik? galderari erantzunez, Erkiagak argi du: “bizi garen gizartean heriotzaren aitzinean erabakitzeko eskubideak eta aukerak ditugulako, eta hala ez egiteak kalteak ekarri dezakeelako. Heriotzari diogun beldurra zeharkatu daitekeelako. Eta heriotzaren inguruan naturaltasuna lortuz gero, hobeto bizi ahal delako”.

Egitasmoaren aurkezpen hitzaldi bat izanen da Baztango Liburutegi Publikoan, irailaren 20an, 18.00etan, tailerrei buruzko azalpenak emateko. 644126091ra ere deitu daiteke informazio eske.