Sarai Robles Barañaingo bertsolariak irabazi zuen ortziralean Baztanen jokatutako Mariano Izeta Bertso Sariketa, Baztango Udalak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolatutako sariketaren X. edizioan 16 eta 30 urte bitarteko 16 bertsolarik hartu zuten parte.

Mariano Izeta (1915-2001) elizondarraren omenezko sariketa 2004. urtean hasi ziren ospatzen, eta geroztik, bi urtean behin egiten da, Nafarroako bertsolari gazteen jarduna sustatu eta saritzeko. 

Aurtengo sariketak formatu berria izan zuen. Arratsaldean bi kanporaketa jokatu ziren, zortzina bertsolarirekin. Horietatik, seik lortu zuten Kortarixar jatetxean, afal ondoren jokatutako finalerako txartela. Elizondoko Intza ostatuan jokatutako kanporaketatik Sarai Robles, Bittori Elizalde eta Patxi Castillo sailkatu ziren eta Erratzuko Zubi-punta ostatuko saioan, aldiz, Ekhiñe Zapiain, Ekain Alegre eta Eki Mateorena.

Elizondoko Kortarixar jatetxean 70 lagun ingururen aitzinean jokatu zen finala, Zigor Gartzia “Zian” gai-jartzaile zela. Bost epaile aritu ziren bertsolarien lana epaitzen: Amaia Telletxea, Cesar Etxeberria, Izaro Mitxelena, Joseba Beltza eta Julen Zelaieta. 

Saio puntuagarria bukatuta, Sarai Roblesek erdietsi zuen puntu gehien, 333,5, eta honenbertzez berak jantzi zuen txapela. Bere gibeletik Ekhiñe Zapiain (320,5), Ekain Alegre (302), Patxi Castillo (297), Eki Mateorena (295) eta Bittori Elizalde (252) sailkatu ziren. 

Txapeldunaz gain, saioko bertso onenaren saria ere eman zuen epaimahaiak. Kasu honetan, Ekhiñe Zapiainek irabazi zuen saria, zortziko handiko bigarren bertsoagatik. Bi sariak, txapela zein bertso onenarena, Juana Mari Izetak, Mariano Izeta zenaren alabak banatu zituen.