Muga guztiak hautsiz herria sortzen
Baztan eta Baigorriko herritarrek lehenengo aldiz aldarrikapenez betetako Izpegiko bestak ospatu dituzte elkarrekin
Muga elkargune bilakatu dute Baztango eta Baigorriko herritarrek. Atzo, besta giroa nagusi izan zen Izpegiko gainean. Izan ere, Baztango Gazte Asanbladak eta Basaizea Kultur Batasunak antolatutako Izpegiko bestak ospatu ziren lehenengoz. Horretarako, egun osoko egitaraua prestatu zuten.
Goizean zehar, herritarrak elkartzen hasi ziren. Oinez, bizikletaz, ala antolakuntzak prestatutako autobusetan igo ziren Izpegira. Eguerdi partean, tenperaturak epeltzearekin batera, ekitaldi nagusiaren unea heldu zen. Txalaparta doinuekin eman zioten hasiera, eta jarraian, Baztango eta Baigorriko bertsolari banak zenbait bertso abestu zituzten. Honi jarraiki, antolatzaileek egindako irakurketan, argi utzi nahi izan zuten Izpegiko bestak, besta soil batzuk baino gehiago, aldarri ere badirela. Hala, mugarik gabeko Euskal Herri baten alde azaldu ziren. Gainera, euskal kultura eta hizkuntzaren zapalkuntza salatu zituzten, Erdizko kasua ahaztu gabe.
Oztopo guztien gainetik aske bizitzeko nahia azpimarratu zuten, norabide horretan lanean jarraitzeko asmo irmoa erakutsiz. “Herriak eta hizkuntzak aske izan behar duelako, inposatutako mugen gainetik zubiak sortzen ari gara, harremanak aliantza bihurtzen”. Baztan eta Baigorriren arteko harremana euskararen bidez eta euskarari esker bakarrik posible dela gogorarazi zuten eta lotura hau historian zehar elkarlanean aritu direnei esker egina dela. Azkenik, berriki zendu den Graxi Etxebehere omendu nahi izan zuten, Basaizea elkartearen sortzaileetariko bat eta mugaz gaindiko harremanen bultzatzaile sutsua. Ekitaldiari amaiera emateko zuhaitz bat landatu zuten bere omenez.
Ekitaldia bukatuta, 150 pertsonak elkarrekin bazkaldu zuten horretarako prestatutako karpan. Arratsaldean, Elektrotxorongo eta Tripus trapus batukadak izan ziren giroa alaitzen eta gauean Toc eta Mirua taldeen kontzertuak. Azkenik, Dj Uzkülüzek itxi zuen egitaraua. Bertsotan aipatu zuten gisara, Baztan eta Baigorriko herritarrek elkarrekin ospatu zuten “euskaldun eta lagun garela”, argi erakutsiz batzen dituena indartsuagoa dela banandu nahi dituen muga baino.