Lesakako Tantirumairu ikastolak Intxaurrenea eraikin berria ofizialki inauguratu du asteburuan. Inaugurazio hau izan da, hain zuzen, ikastolaren 50. urteurrena ospatzeko egin den lehenengo ekitaldia. Apirilaren 13an eta ekainaren 22an ospakizunekin jarraituko dute beste bi jardunaldirekin.

50. urteurrena

Lesakako Ikastola 1974an sortu zen, zazpi ikasle eta irakasle batekin. Beste herri batzuetan bezala, guraso eta laguntzaile talde baten ekimenez sortu zen, euskarazko irakaskuntza bermatzeko helburuarekin. Gaur egun, 50 urte beranduago, 100 ikasle baino gehiago ditu.

1988an bere lehendabiziko Nafarroa Oineza antolatu zuen Lesakako ikastolak eta honekin lortutako diruari esker, 1991. urtean Otxogorrienea eraikina estreinatu zuten, egun erabiltzen jarraitzen dutena.

Seigarren mailako ikasleak Kristo-Eneara bidean. Ondikol

Itxaurrenea 2017an Lesakan ospatu zuten Nafarroa Oinez bestan jasotako laguntzari esker bilakatu da errealitate. Ikasturte hasieratik Haur Hezkuntzako ikasleak eraikin berria erabiltzen ari diren arren, honen inaugurazio ofiziala larunbatean egin zuten.

Inaugurazioa

Goizean, 11.00etatik aurrera, eraikina bisitatzeko aukera izan zen. Bertan izan ziren Nekane Artola, Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko lehendakaria, Elena Zabaleta eta Josu Reparaz, Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakaria eta idazkaria, Nafarroako bertze hainbat ikastoletako ordezkariak eta Tantirumairu ikastolako lehengo eta oraingo ikasle, irakasle eta gurasoak.

Bisitak iraun bitartean, gainera, hiru proiekzio desberdin ikusteko aukera izan zen: ‘Etxea edo itxia?’, ‘Intxaurrenetik Otxogorrienea Otxogorrieneatik Intxaurrenea’ eta ‘Iraganerako leihoa’. Azkenik, bisita bukatzeko, luntx bat eskaini zen.

Ondotik, ekitaldi nagusia egin zuten. Ibai Garrok olerki hunkigarri bat errezitatu zuen bildutako jendearen aurrean, Olatz Rojok zeharkako txirularekin lagunduta.Jarraian, Edurne Marin ikasle ohiak, bera ikasle zen garaian sortutako ikastolaren logotipoa zuen kutxa gaur egungo seigarren mailako ikasleei eman eta Kristo-Enea zelaira abiatu ziren. Han, Eduardo Condek egindako Tantaia bat paratu zuten, eta ikastolako lehen belaunaldietako gurasoek Tantaia kanta abesteko probestu zuten unea.

Urteurreneko lehenengo ekitaldi honi amaiera emateko, eguerdiko 14.30ak aldera, 250 pertsona inguru frontoian elkartu ziren bazkari eder batetaz gozatzeko.